Txukun aritu dira Zubiberriko gimnastak Euskadiko txapelketan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 3a, 14:47

Bikoteka, Nikole Aranbarrik lehen postua lortu zuen pilotarekin, eta Aitana Sanchezek hirugarrena, mazoekin. Hala, bigarren postua lortu zuten.

Zubiberri gimnastika klubeko kadeteek eta nagusiek Euskadiko txapelketa jokatu zuten zapatuan, Durangoko (Bizkaia) Landako kiroldegian. Goizean, nagusien master mailako kideek parte hartu zuten, eta arratsaldean, kadete mailakoek.

Nagusien mailako proban, bikotekako talde bezala eta banaka parte hartu zuten Zubiberrikoek. Bikoteka, Nikole Aranbarrik lehen postua lortu zuen pilotarekin, eta Aitana Sanchezek hirugarrena, mazoekin. Hala, bigarren postua lortu zuten haiek. Banakakoan, berriz, Garazi Urdalleta pilotarekin eta mazoekin lehiatu zen; hamahirugarren postua erdietsi zuen pilotarekin eta hamargarrena mazoekin. Orotara, hamargarren sailkatu zen Urdalleta.

Arratsaldean, berriz, kadete mailako bi lagunek bikotetako lana egin zuten, Leire Garciak uztaiarekin egin zuen ariketa, eta Naroa Epeldek, mazoekin. Garcia bederatzigarrena izan zen, eta Ilarramendi, hamargarrena. 11. postua eskuratu zuen bikoteak. 

Getxoko torneoa

Igandean, bestalde, Getxoko (Bizkaia) gimnastika erritmiko klubak antolatutako txapelketan parte hartu zuten Zubiberrikoek. Herri horretako Fadura kiroldegian aritu ziren gimnastak. Ane Illarramendi kadetea bigarren sailkatu zen uztaiarekin egindako ariketan, eta Nikel Aranbarri hirugarren pilotarekin.

Txapelketa horrekin amaitu ditu Zubiberrik txapelketak. Nolanahi ere, ekainaren 11n Elkargunean ikasturte amaierako jaialdia eskainiko dute gimnastek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide