Adikzioen Prebentzio Komunitarioko II. Plana osatzeko hirugarren foroa egingo du udalak etzi

Ane Olaizola 2025ko eka. 3a, 14:28

Tabakoa. (Pixabay)

Familiei, hezkuntza eragileei eta osasun profesionalei zuzendutako saioa egingo dute Elkargunean, 18:00etan, baina edonork parte har dezake. 

Adikzioen Prebentzio Komunitarioko II. Udal Plana osatzeko, udalak prestatu dituen hiru foroetako azkena egingo dute datorren ostegunean, hilaren 5ean, Elkargunean (18:00). Batez ere familiei, hezkuntza eragileei eta osasun profesionalei zuzendutako saioa izango da, baina interesa duten guztiek parte har dezakete. Foro horien helburu da prozesua garatzeko interes taldeekin kontraste saioak egitea, haien iritziak, pertzepzioak zein beharrak jasotzeko. 

Gaur-gaurkoz, prozesuaren bigarren fasea du indarrean udalak, aurrekoan herriko ikasleen kontsumo ohituren inguruko diagnostikoa egin ondoren. Hori eginda, ekintzak zehaztea da lanketaren helburua: “Osasun komunitarioaz ari garenean oso aintzat hartu behar ditugu adikzioak. Erronka da ahalik eta jende gehienak bizimodu osasungarria izatea, adikzioa eragin dezaketen substantzietatik eta jokabideetatik urrun. Drogez gain, adikzioa eragin dezakete jokoak, erosketek, bideojokoek, sare sozialek… Arrisku horiez guztiez jabetzea eta bestelako jarrerak sustatzea garrantzitsua da adikzioak murrizteko eta arazo fisikoak eta mentalak saihesteko. Hori da plan honekin bilatzen duguna”, esan du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak. 

Hain zuzen, ekarpenak egin nahi dituztenentzat galdetegi bat zabalik du udalak: hilaren 15era bitartean erantzun daiteke galdetegia, azkoitia.eus atarian edo lotura honetan. Herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu erakundeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide