Astelehenean amaituko da andremarietako film laburren lehiaketan izena emateko epea

Ane Olaizola 2025ko eka. 3a, 12:08

Andremarietako film laburren lehiaketan plazak hartzen duen itxura. (Andoni Elduaien)

Eta gertatuko balitz, zer? da aurtengo film laburrek jorratu beharreko gaia, eta lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 11 izango da. Udalak laguntza eta baliabideak eskainiko dizkie filma aurkeztu nahi dutenei. 

Andremarietan egiten duten film laburren lehiaketan parte hartu nahi duenak datorren astelehenera bitartean du izena emateko aukera. Aurten, sortzaileek honako galdera honi tiraka ondu beharko dute ikus-entzunezko lana: Eta gertatuko balitz, zer? 

Film laburren lehiaketari eusteko gutxienez lau film labur aurkeztu beharko dira, eta horretarako, aurrez izena eman behar da udaleko Kultura sailean, kultu@azkoitia.eus helbidera elektronikora mezua idatzita edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Lanak aurkezteko azken eguna, berriz, abuztuaren 11 izango da.

Udalak aurten laguntza eta baliabideak eskainiko dizkie filma aurkeztu nahi dutenei, "lana errazteko" asmoz: "Borondateaz gain, film labur bat ekoizteak ezagutza eskatzen du, eta aurreko urteetan ez bezala, udalak ezagutza horretan laguntzeko bideak jarriko ditu, batetik, zalantzak argitzeko (edizio softwareak, beharrezko baliabideak) eta bestetik, baliabide teknikoak lortzen laguntzeko".

Hain zuzen, parte hartzea sustatzeko asmoz, pare bat eguneko ikastaro bat antolatzeko aukera ere zabaldu du udalak, beti ere horretarako interesa duen gutxieneko kopurua osatuz gero. Ikastaroaren saio bat grabaketari buruzkoa izango litzateke, eta bestea, edizio prozesuari buruzkoa. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide