Jasokunde kooperatibak urteko ohiko batzar nagusia egingo du datorren igandean, hilaren 15ean, Baztartxo antzokian. Bi deialdi deitu ditu kooperatibak batzarrerako: 11:30ean lehenengoa, eta 12:00etan, bigarrengoa.
Besteak beste, joan zen urteko kontuak eta emaitza ekonomikoa onartuko dituzte bazkideek igandean, eta horrez gain, estatutuak egokituko dituzte honako arlo hauetan: gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko konpromisoa; bazkidearen datu pertsonalen babesa; arrisku penalaren prebentzioa; kapital-zuriketaren prebentzioa; eta salaketa anonimoen kanala.
Batzarrean parte hartu ahal izateko, bazkideek ezinbestekoa dute kooperatibako bazkide txartela erakustea. Halaber, jakinarazi dute bazkide batek gehienez beste bi bazkide ordezka ditzakeela. Batzarraren amaieran, erosketa bonuak banatuko dituzte bazkide guztien artean.
Era berean, bazkideek eskuragarri dute batzar orokorrean landuko dituzten gai guztien inguruko informazioa. Hori nahi duenak 641 63 32 99 telefono zenbakira deitu edo jasokundekoop@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake.