Eskola segregazioa

Lubakietan estalduraren bila

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 2a, 14:00

Bi urte dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako matrikulazio sistema aldarazi zuen 132/2022 Dekretua indarrean sartu zela, eskola segregazioari aurre egitea ipar. Geroztik, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen dituen ikastetxe guztiak, berdin publikoak ala itunpekoak, derrigortuta daude ikasle zaurgarrientzat plaza batzuk gordetzera. Eragin eremu batean kokatzen diren hezkuntza zentroetako zaurgarritasun indizeak orekatzea bilatzen du neurriak, ez dadin betikotu azken hamarkadan nabarmen areagotu den joera: jatorri atzerritarreko eta klase sozial apaleko familietako haur gehientsuenak eskola publikoetan multzotzea. Eskualdean desadostasunak eragin ditu neurriak, baina hitz egiteko premia agerikoa da. Maddi Txintxurreta kazetariak maiatzeko Guka taldeko aldizkarietarako idatzitako erreportajea da honakoa. 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2018an plazaratu zuen Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak dokumentuak jasotzen dituen datuek zera erakusten dute: urte hartan, Gipuzkoako hemeretzi ikastetxek %25etik gorako proportzioan jaso zituzten atzerriko nazionalitatea duten 2 urteko haurren eskaerak. Horien artean, hamabi eskola publiko zeuden, eta soilik hiru itunpeko. Hots, eskola segregazioa agerikoa zen.

Eskola segregazioak, hau da, zentro jakin batzuetan jatorriaren eta klase sozialaren arabera zaurgarri gisa izendatzen diren ikasleen tasa oso altuak izateak, eta beste batzuetan, berriz, tasa oso baxuak izateak, eragina du ikasleen emaitza akademikoetan, hizkuntza gaitasunean eta kohesio sozialean, besteak beste. Eta, antza, baita hezkuntza komunitate osoan ere: desadostasunak agerikoak dira.

Familiak ikastetxea aukeratzeko eskubidea idatzita zuen pankarta zintzilikatu zuten 2023ko apirilean Azpeitiko Iraurgi zentroan. Eskualdeko hamasei familiari, erdiak Zarauzkoak eta besteak Azpeitikoak, Hezkuntza Sailak ukatu egin zien beren 2 urteko haurrak nahi zituzten ikastetxeean matrikulatzeko aukera, eta beste zentro batzuetara bideratu zituen. Zergatik gertatu zen hori? 2023-2024 ikasturtean indarrean sartu zen 132/2022 dekretuaren nobedadeen artean, Isei erakundeak sortutako zaurgarritasun indizea dago. Batetik, familiek osatu behar duten galdetegi batean oinarrituta, ikasleen zaurgarritasun maila neurtzen du eta, bestetik, eragin eremu bakoitzarena –udalerriak, normalean–. Hala, herri batean ehun haurrek egin badute matrikula, eta horietako hogei zaurgarriak badira, herri horretako zaurgarritasun indizea %20koa izango da eta, beraz, ikastetxe guztiek tasa horretara hurbildu beharko dute, ikasle zaurgarriei plaza gehiago edo gutxiago gordeta. Urola Kostan, Azkoitiko datuen faltan, Azpeitia da bi ikastetxe edo gehiago dituzten herrien artean 2023-2024 ikasturtean zaurgarritasun indize altuena zuena: %21,5. Zarautzen erregistratu zen, aldiz, baxuena: %7,6.

*Maparen iturria: Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko hezkuntzan.

Ikasturte hartan, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan, 2 urteko haurren lerroetarako zehaztutako gehienezko ikasle kopurua (50) gainditu zuten aurrematrikulek (58). Zaurgarritasun puntuazio baxuetan berdinduta zeuden familien artean zozketa egin eta zortzi geratu ziren plazarik gabe. Hala ere, haurrak ikastolan geratuko zirela erabaki zuten, eta Hezkuntza Sailaren 140.000 euroko isuna jaso zuten horregatik. Iraurgi ere zigortu zuen administrazioak, baina zentro horrek ez zuen publiko egin isunaren zenbatekoa.

Dena dela, Lakuatik erabakitako neurriak ez dakar zaurgarritasun tasen berehalako berdintzea: helburua da ikastetxe guztiak hiru ikasturteko epean hurbiltzea beren eremuari dagokion indizera. Urtean, gehienez ere %10eko ahalegina egitera derrigortzen ditu Hezkuntzak: eragin eremuko indizetik beherako zaurgarritasun tasa duten zentroek, urtero %10ean igo beharko dute tasa hori ikasle zaurgarriei plaza gehiago gordeta, eta alderantzizko bidea egingo dute tasa altuagoa duten zentroek.

Hamahiru, La Salletik kanpo

Zarauzko La Salle ikastetxean arazoak izan dituzte aurtengo matrikulazioan. Kanpaina hasi aurretik, 2 urteko haurrentzako 25 plaza esleitu zizkion Hezkuntza Sailak, nahiz eta zentro horren zuzendaritzak denbora zeraman –iazko ekainetik– ohartarazten bigarren gela bat beharko zutela. "Esperantzak eman zizkiguten eta idatzi nien 30 ikasle genituela. Otsailaren 20an esan ziguten gure planifikazio aldaketa ez zutela onartuko", gogoratu du Xabier Garate zentroko zuzendariak. La Sallek, guztira, 37 aurrematrikula jaso zituen, eta horietatik hamabi ikastetxetik kanpo geratu ziren. Hamahirugarren ikasle bat plazarik gabe geratu zen, beste ikastetxe batetik lekualdatutako ikasle zaurgarri bat hartu zuelako zentro horrek. "25 plaza genituen eta gure aldeko hautua egin zuten hamahiru familia geratu dira kanpoan", laburbildu du zuzendariak.

2023-2024 ikasturtean, %21,5eko zaurgarritasun indizea zuen Azpeitiak, eta %7,6koa Zarautzek

Geroztik, giroa "gori" dagoela aitortu du: "Egunean bertan, eskolako familia batzuk etorri zitzaizkidan zerbait egin behar genuela esanez. Eguerdirako idatzi bat prestatu zuten, baina geldiarazi egin behar izan nuen, ezin zen horrela bidali. Ikastetxe honen titulartasuna gurasoena da, nahiz eta [Kristau Eskolak sareko] La Salle kongregazioaren barruan gauden. Beraz, zuzendaritzaren lana suhiltzailearena izaten ari da."

Xabier Garate La Salleko zuzendaria. (Utzitakoa)

Zintzo hitz egin du La Salleko zuzendariak eta haserre dagoenik ez du ukatu. "Ikasle bat edo bi balira, ez ginateke mugituko", onartu du. Hamahiru dira, ordea. "Kanpainaren aurretik plangintza bat egiten dute, eta hori betetzen dute gero. Guk bi gela betetzeko lain ume lortu ditugu, baina bakarra geneukanez, eta beste ikastetxe bati hasieratik bi esleitu zizkiotenez, guri gela bat kendu digute eta hari beteko ez lukeen beste bat eman diote, plangintzan hala zehaztu zutelako. 2025-2026 ikasturteko bi urteko gela beteko dugu anai-arreba zaharragoak hemen dituzten ikasleekin. Familia horietako gehienek ez dute, ziur asko, haur gehiago izango, beraz, ikastetxearen biziraupena dago jokoan. Eta, noski, lanpostuak", adierazi du.

Titulartasuna, arazoaren muina?

Eskola segregazioarekin amaitzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela argi dute hezkuntza komunitateko kideek, eta gaiaren inguruan asko eta zabal jardun zuten iaz onartu zuten Hezkuntza Legea harilkatzen aritu ziren agenteek. Izan ere, jaiotza tasaren beheranzko joera, atzerritik datozen bizilagunen goranzko joerarekin nahastuta, segregazioa betikotzeko osagai izango da, baldin eta ez badira neurri eraginkorrak hartzen. Eusko Jaurlaritzak diseinatutako estrategiak, aldiz, zalantza ugari piztu ditu. Familien "aukeratzeko eskubidea" urratzen duela iritzi diote batzuek, itunpeko ikastetxeen "pribilegioak" betikotzen dituela besteek.

2018an, Gipuzkoako hemeretzi ikastetxetan, %25eko langa gainditu zuten haur atzerritarren eskaerek

Azken urteetan aitzurtu diren lubakietan, eskola publikoen sarea, ikastolak eta Kristau Eskolen sareko zentroak daude. Gatazka ukaezina da, eta "matrikulazio garaian tentsioa antzematen da", onartu du Mikel Olaizola Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai zentro publikoko zuzendariak. Baina eskola segregazioa "aspaldiko kontua" dela dio. "Guk aspalditik jasotzen ditugu maila sozioekonomiko baxuko eta jatorri migranteko ikasleak. Azken hogei urteetan, horiek guztiak euskaldundu eta integratzen lan handia egin dugu", agertu du. Berretsi du, halaber, "urtero" jasotzen dituztela beste ikastetxe batzuen kuotak ordaindu ezinda agertzen diren familiak, eta nabarmendu du ikasle "guztiak" hartzen dituztela "eskuzabalik". Harrotasunez esan du zuzentzen duen eskolan 27 herrialdetako ikasleak daudela eta hogei hizkuntzatik gora hitz egiten dituztela. Hori Azpeitiko errealitate orokorraren isla dela baieztatu du. 

Arazoaren muinera jo du esanez hezkuntza sistemaren egungo egitura dela segregazioaren iturburua: "Gure sisteman, hezkuntzaren %49 itunpekoa da, eta %51 publikoa. Europan, %11 da pribatua. Iruditzen zait izaera pribatua duten ikastetxe asko, batez ere kristau eskolak, egoeraz eta denon diruaz aprobetxatzen ari direla". Horregatik, segregazioarekin bukatzeko modu bakarra egungo ereduen sistemarekin eta itunpetze unibertsalarekin amaitzea dela baieztatu du. "Gauza bat nabarmena da –gaineratu du–: hezkuntza publikoa soilik dagoen herrietan ez dago segregaziorik. Gure eskualdean, Zestoan, Errezilen eta Getarian, ez dago segregaziorik".

Mikel Olaizola Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai zentro publikoko zuzendaria. (Utzitakoa)

Ikastetxearen titulartasuna segregazioa justifikatzen duen faktoreetako bat dela dio, baita ere, Baikarak, Gipuzkoako ikastetxe publikoetako guraso elkarteen federazioak. "Ikasle zaurgarriak askoz gehiago dira eskola publikoan, eta horrek erakusten du itunpeko ikastetxeak ez direla erantzukideak hezkuntza inklusiboarekin eta aukera berdintasunarekin". Bestalde, legez debekatuta dagoen arren, familiei kuotak kobratzen dizkiete hainbat ikastetxek eta, Baikarak gaitzetsi duenez, hori "oztopo bat da ikasle zaurgarriak itunpeko ikastetxeetara sartu ahal izateko, beraz, segregazioa dakar".

Aldiz, Amaia Ugalde Orioko Herri Ikastolako zuzendaritzako kidearen esanetan, Ikastolen Elkarteak "segregazioa ekiditeko politikak txertatzearen aldeko jarrera izan du beti"; "gure ikastolak inoiz ez dizkio ateak inori itxi", ziurtatu du. Hori dela eta, gaur egun Hezkuntzak eskatzen dion zaurgarritasun indizea betetzen du Orioko ikastolak eta, "maila batzuetan, ikastoloi leporatu izan zaigunaren kontra, bataz bestekoa baino ikasle zaurgarri gehiago ditugu", zehaztu du Ugaldek.

Askatasuna ala pribilegioa?

Iraurgi ikastetxeko pankartak nola, ikastetxea aukeratzeko askatasuna defendatu izan dute osatu duten zentroen zerrendan lehenengoa egokitu ez zaien familia batzuek, Zarauzko Salbatore Mitxelenan plazarik gabe geratu zirenek egin zuten eran. Askatasun hori defendatzen du Orioko ikastolak ere. Ugalderen esanetan, aurtengo matrikulazioan zentro hau aukeratu zuen familia bati beste ikastetxe bat esleitu zioten. "Familientzat egoera gogorrak eta injustuak dira", deitoratu du. Ez hori bakarrik, halako kasuak ikastetxeen kalterako ere badirela zehaztu du: "Ez dute ikasle bat matrikulatu bestearen ordez. Ondorioz, ikasle galera bat izan dugu mugimendu horrekin. Ikasleen galerak, zaurgarriak edo ez, lotura zuzena du gelen finantzazioarekin eta Hezkuntza Sailak egiten duen baliabideen banaketarekin".

Mikel Olaizolaren nahiz Baikarako kideen ustez, ordea, "soilik familia batzuen" askatasuna aipatzen da halakoetan. "Bertako familiak izaten dira, maila sozioekonomiko ona dutenak", baieztatu du Azpeitikoak. "Bitartean, kromoak bailiran, batetik bestera eramaten dira ikasle zaurgarrriak", ohartarazi du. Eta antzeko bidetik mintzatu da gurasoen elkartea ere: "Aukeratzeko askatasuna familia guztientzat berdin gauzatzen ez denean, ez da askatasuna, pribilegioa baizik". 

Zarauzko ikastolan gertatutakoa "larria" dela dio Baikarak: "Ezin da onartu haurrak legez kanpo eskolatzea isuna ordaintzearen truke. Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzari nahi duena egiten uzten badio, akabo hezkuntza sistema. Gizarte kohesioaren, aukera berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren aldeko helburuak ikastetxe guztiek bete behar dituzte, salbuespenik eta pribilegiorik gabe". 

Xabier Garate ados dago, "oinarrian", segregazioaren kontra egitea bilatzen duen legearekin, baina uste du ikasleen eta familien eskubideak, "neurri handi batean", ez direla betetzen ari, ez delako bermatzen haiek nahi duten ikastetxea aukeratzeko eskubidea. "Oso zurruna iruditzen zaigu, malgutasun gutxi du eta, ondorioz, gatazkak eta egoera surrealistak eragiten ari da", azaldu du. Bere iritziz, La Sallekoa bezalako "salbuespenezko egoera bati salbuespenezko konponbideak eman behar zaizkio". Baina, antza, Salbatore Mitxelenaren kasuak zauriak ireki zituen, eta zera esan zieten Hezkuntza Sailetik, hitzez hitz: "Zarautz ez da plazarik egokiena horrelako salbuespen bat egiteko".

Amaia Ugalde Orioko Herri Ikastolako zuzendaritzako kidea. (Utzitakoa)

Baikarak baieztatu duenez, Jaurlaritzak zenbait ikastetxerekin aplikatzen dituen salbuespen egoeren ondorioz, hain zuzen, kale egin du eskola segregazioa apaltzeko estrategiak. "Ez da helburua lortu, eta neurriek huts egin badute, segregazioarekin amaitzeko benetako borondate politikorik egon ez delako izan da. Itunpeko ikastetxe askori ikasleak hautatzeko praktikekin jarraitzeko aukera eman diete, salbuespenak mantendu dituzte gehien segregatzen duten ikastetxeentzat eta ez dute ezer egin legez kanpoko kuotak saihesteko", salatu du. 

Karmelo Etxegarai zentroko zuzendaria ere kritiko da Hezkuntza Sailak segregazioaren kontra egiteko martxan duen sistemarekin, "hamarkada luze bat beharko baita zaurgarrien oreka DBHra iristeko". Bere aburuz, gainera, neurri gehiago behar dira segregazioarekin amaitzeko. 

Orioko Herri Ikastolako zuzendaritzaren iritziz, matrikulazio epeetan ez, ikasturtean zehar iristen diren ikasle zaurgarriak modu orekatuan banatzea litzateke segregazioari aurre egiteko modurik egokiena. Amaia Ugaldek azpimarratu du azken ikasturtean 8.000 ikasle iritsi direla modu horretan Arabara, Bizkaiara eta Gipuzkoara, eta kopuru horrek hazteko joera duela. "Banaketa egokia eginez gero, ohiko matrikulazio prozesuan egiten den neurriak baino eragin askoz handiagoa izango luke zaurgarritasuna orekatzerakoan", berretsi du.

Hitz egiteko beharra 

Giroa lokaztuta dagoen arren, eztabaida sosegatuen beharra antzematen du La Salleko Xabier Garatek. "Ez dut formula magikorik, baina argi dut honen aurrean elkartu egin behar garela", esan du. Hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren arteko gatazkek kontaktuok eragozten badituzte, bederen, itunpekoen artean saretzearen aldekoa da. Ildo horretatik, Salbatore Mitxelenako zuzendaritzak "txapela kentzeko moduko" jarrera izan duela nabarmendu du, La Salleko hamahiru familien kasuaren berri izan zuenean, Garateri deitu baitzion, bere babesa erakusteko.

Lubakien guduei uko egiten die Mikel Olaizolak ere: "Gai honetaz desberdinen artean eztabaidatzea ekiditen da. Baina ez badiogu honi serio heltzen, arazoak areagotu egingo dira. Nire ustez, ditugun ezberdintasunak alboratu behar ditugu eta lortu ditzakegun adostasunen inguruan hitz egiten hasi behar dugu, eskuzabaltasunez eta konplexurik gabe. Herri bezala pentsatzen hasi beharko genuke, eta gure buruari galdetu: norantz joan beharko genuke? Nik argi daukat hezkuntza sistema propio baten alde egin behar dugula". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide