Azkoitiko Udalak gaur jakinarazi du zeinek jasoko dituzten IV. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sariak. Helduen mailan Iñigo Legorburu hernaniarrak eskuratuko du txapela, Elkar ezagutuz lanari esker. Bigarren, berriz, Juan Ramon Alberdi azkoitiarra sailkatu da, Justizia lana tarteko. Azkoitia saria, berriz, Naia Arrizabalagarentzat izan da, Begi bustiei bertso sortagatik.
Epaimahaiak azaldu duenez, aho batez erabaki dute zein izan den lan irabazlea. Epaimahaiko kideen hitzetan, bertso sortan, bi kasutan, egilea errimatzeko zukara pasatu bada ere, "errimak neurriz zuzenak dira, ondo eginak daude eta bertsoak politak" dira. Alberdiren lanean, berriz, nokaren erabilera "zuzena" dela eta bertsoetako hiztegia "aberatsa" dela azpimarratu dute epaimahaikideek. Azkoitia saria jaso duen Arrizabalagaren bertso sortako errimen, neurriaren, hitanoaren nahiz nokaren zuzentasuna aipatu ditu epaimahaiak.
Gazteen mailan etxeko bertsolari bat nagusitu da: Oier Juaristi. Gure euskara zaharra bertso sorta tarteko eskuratuko du saria hark. Epaimahaiak lanaren doinua, errimak eta hitanoaren erabilera zuzena goraipatu ditu. Maila horretan lan bakarra aurkeztu dutenez, sustatzaileek ez dute beste saririk banatuko.
Umeen mailan, berriz, Errezilera joan da bertso sorta onenaren saria. Mikel Zabalaren bertsoak nabarmendu ditu epaimahaiak, Errezilen galduta laneko bertsoak, hain zuzen ere. Epaimahaiko kideek azaldu dutenez, doinua, hitanoaren erabilera eta bertsoen zuzentasuna aipatu dituzte. Haurren mailako Azkoitia saria, berriz, Nora Arrizabalagarentzat izango da, Zaindu naunelako sortaren neurriarekin eta errimekin "oso ondo" asmatu duelako.
Guztira, 22 bertso sorta aurkeztu dituzte herritarrek lehiaketaren aurtengo ediziora. Epaimahaia, berriz, Hike Eizan! taldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek osatu dute.
Hilaren 26an sari banaketa
Hike Eizan!-en sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an, ostegunez, egingo dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 19:00etan banatuko dituzte sariak, eta segidan, bertso saioa eskainiko dute Eneritz Artetxek, Aitor Mendiluzek, Oihana Iguaranek eta Jesus Mari Irazuk. Gai jartzaile lanetan, berriz, Haritz Alberdi ariko da. Saioa doakoa izango da, eta nahi duen orok joan ahal izango du.