Antxintxikarako kemena erakutsi dute 700 bat umek

Andoni Elduaien 2025ko eka. 1a, 14:05

HH4tik DBH2ra arteko haurrak elkartu ditu 41. Xabier Munibe Parte Hartze Herrikoiak. Bederatzi lasterketa jokatu dituzte herriko kaleetan barrena, baina gaurko kirol hitzordua festa ere izan da. 700 umek eta gaztetxok parte hartu dute proban.

Xabier Munibe Ikastolak antolatuta, 41. Xabier Munibe Parte Hartze Herrikoia egin dute gaur, igandea, Azkoitian. Guztira, Azkoiti-Azpeitiko 700 bat neska-mutilek parte hartu dute proba inklusiboan, eta bizi ibili dira kalean gora eta behera lasterka. Plazaberrin izan dute helmuga lasterketa guztiek, baina, gaurko irabazle nagusia kirolaren eta festaren uztarketa izan da.

Herriko kaleak bizitzaz eta kolorez bete dira goizean; izan ere, HH4. mailatik DBH2. mailara arte, bederatzi lasterketa jokatu dituzte; denak ere korrikaldi betean ibili dira. Adin tarte horretatik gora, Marea Urdinako zenbait lagunek ere parte hartu dute beste urte batez.

Parte-hartzea eta elkarrekin gozatzea ardatz hartuta, lasterketa politak osatu dituzte guztiek. Giro ona lagun, gainera, jendetza batu da bide bazterretan, eta horien guztien txaloek eta animoek lagunduta, errazago egin dute txikienek helmugarako bidea.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide