Atzo, zapatua, 33. Udaberriko Musikaldiaren azken emanaldia izan zen Santa Kutz komentuan. Suhar gizonen koruak Santa Kutz: natura eta fedea izeneko kontzertua eskaini zuen, eta jendetza bildu zen haien abestiak entzuteko. Abesbatzen munduan esperientzia handia duen Euskal Herri osoko abeslariz osaturiko gizonen korua da Suhar, eta atzo, agerian utzi zuten hori. Mendelssohnen, Madinaren eta Ugalderen mundu sakroa zein Straussen, Dvoraken eta Azurmendiren natur kantak uztartuz, hamar abestitik gora eskaini zituen abesbatzak. Jendeak gustura erantzun zion koruaren erakustaldiari.
2018ko udazkenean sortu zuten korua, gizon-abesbatzentzako errepertorioa maila gorenean lantzeko asmoarekin. Hain justu, duela sei urte Santa Kutz komentuan bertan izan ziren, abesbatzaren hastapenetan. Euskal Herriko gizonen abesbatzen ondarea jasoz eta tradizioa zein modernitatea uztartuz, gizonen koruek musikaren sorkuntzan eta kultur ekoizpenean "leku paregabea izango duten etorkizunaren oinarriak eraikitzea" da haien asmoa.
Esteban Urzelai Espainiako Abesbatzako zuzendariordea da koruaren sortzailea eta zuzendaria. Zuzendari oñatiarraren esperientzia ezaguna da nazioartean, eta ezinbestekoa da Amaia Zipitria piano jotzaile eta Musikeneko irakaslearen parte hartzea. Hainbat emanaldi, kontzertu, jaialdi eta ziklotan parte hartu du abesbatzak, baita, atzo bezala, musikaldietan ere.