Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zuten atzo, zapatua, Trenbidearen Zumardiako belardian. Gizonen 640 kiloko proba jokatu zuten han, eta Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri, Goiherri-Akelarre eta Mutriku taldeak aritu ziren nor baino nor gehiago. Gizonen proba izanagatik, Gaztedi B taldean emakume batzuk ere aritu ziren sokari tiraka.
15:00etan egin zituzten pisaketak, eta 18:00etan hasi ziren sokari tiraka. Talde guztiek denen aurka aritu behar izan zuten lehian, eta Gaztedi A taldea nagusitu zen lur gainean, haiek bost puntu batu baitzituzten, Goiherri (4 puntu) eta Goiherri-Akelarre (3 puntu) taldeen aurretik. Atzoko kanporaketaren ondoren, datorren zapatuan Mungian (Bizkaia) jokatuko dute gizonen 640 kiloko Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren finala.