Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerra egin dute Berdura Plazan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 31a, 13:55

Aizpuru, ezkerrean, eta Otegi, eskuinean. (Udala)

Bertako zein garaiko produktuak ezagutarazi, kozinatzeko aholkuak eman eta elikagaien abantailak ezagutu dituzte tailerrean parte hartu duten herritarrek. 

Berdura Plazara kontsumitzaile berriak erakartzeko helburuarekin, Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerra egin dute gaur, zapatua, Azkoitiko Berdura Plazan. Kontsumitzaileek azokekiko duten harremana azken urteetan "aldatzen" ari dela ikusita, eta kontsumitzaile berriak zein gazteak azoketara erakartzeko "aukera bikaina" ireki delako, Gipuzkoako Azoken Sareak eta udalak sustatuta egin dute tailerra.

Anne Otegi Bergarako (Gipuzkoa) Elikaenea proiektuko kideak zein sukaldariak eta Aitziber Aizpuru Azpeitiko Eliku zentroko nutrizionistak gidatu dute saioa. Bikoteak bertako zein garaiko produktuak ezagutarazi dituzte aurrena, baita egunerokotasunean kozinatzerakoan edo elikatzerakoan kontuan hartu beharreko hainbat aholku eman ere.

Osasuntsu jateak duen garrantzia azpimarratu dute Otegik eta Aizpuruk, eta elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak ezagutzeaz harago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera izan dute tailerrean parte hartu duten herritarrek. Errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatu dituzte haiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide