Udan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Azkoitiko Sare Herritarrak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 31a, 08:36

IkurriƱaren plazan egin zuten elkarretaratzea atzo. (Andoni Elduaien)

Ekainaren 20an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Halaber, Puzzlea osatu arte egitasmoaren "balorazio positiboa" egin zuen egitasmoak. Elkarretaratzearen amaieran, maiatzean herrian hildako Itziar Alberdi eta Txema Salegi izan zituzten gogoan.

Azkoitiko Sare Herritarrak hileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuen atzo, ostirala, Ikurriñaren plazan. Dozenaka lagunek parte hartu zuten kontzentrazioan, eta maiatzean zehar egitasmoak egindako ekintzak errepasatu zituen; izan ere, maiatza "hilabete mugitua" izan dela esanez hasi zuten elkarretaratzea.

Hasteko, gogoan izan zuten apirilaren azkenetan hil zen Gloria Rekarte. Hemeretzi urteko espetxealdiaren ondoren, Etxerateko kidea izan zenak Gernikako akordioan EPPKren ordezkaria izan zen, eta "herri honek horren beharrezko" zituen fase berrien irekierei egindako "ekarpenak" txalotu zituzten. "Bizitza osoko militante eta bidelagun izan zen horrenbeste maite genuen eta maite dugun Gloria. Mila esker senideen elkartean egindako ekarpenagatik; ez ditugu ahaztuko zure babesa sentitu genituen momentuak eta ez ditugu ahaztuko zurekin pasatutako uneak. Mila esker Gloria", esan zuten. 

Puzzlea osatu arte egitasmoa ere izan zuten hizpide, kartzela zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoen eskubideen alde egindako egitasmoa, hain zuzen. Sare Herritarrak "oso balorazio positiboa" egin zuen, 2.500 pertsona inguru mobilizatu baitziren maiatzak 17-18 asteburuan Euskal Herriko 28 herrietan. "2.500 pertsona inguru izan gara salbuespen legeak eta politikak oztopo dituzten euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko antolatu dugun mobilizazioan. Euskal gizartearen zati handi batek, beste behin, iraganera iltzatzen gaituzten gatazkaren ondorioen konponbidean duen konpromisoa erakutsi du", esan zuten. "Herri gisa" etorkizunera eta elkarbizitza agertokietara begira jartzeko "beharra" mahai gaineratu zuten, halaber.

Era berean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) bozeramaileak deklaratzera deitu izana salatu zuten. Elkarretaratzean bildutakoek salatu zuten Euskal Herrian "agertoki berri baten aldeko apustua" egiteagatik eta iheslarien "etxera bidea oztopatzeko helburuarekin" deitu dituztela deklaratzera.

Elkarretaratzea amaitu aurretik, ordea, euskal langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin batera, ekainaren 20an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. "Uda ate joka dugularik, herrietako eta auzoetako jaiak, hondartzetako mobilizazioak eta aste nagusietako mobilizazioak gure aldarriak zabaltzeko erreminta bihurtuko ditugu beste behin". 

Alberdi eta Salegi gogoan

Azkoitiko Sare Herritarreko kideek, gainera, aipamen berezia egin nahi izan zioten maiatzean herrian hil diren bi laguni. Batetik, Itziar Alberdi izan zuten gogoan, urte askoan euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko mobilizazio sarri parte hartu ohi zuen herritarra eta egitasmoari bere babesa azaldu ziona. Bestetik, aurreko astean hil zen Txema Salegi oroitu zuten Sare Herritarraren elkarretaratzean. Gaztetan herritik irten eta urte luzez espetxean nahiz ihesean ibili zen Salegi, nahiz eta azken urteak herrian egin zituen. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide