Oteizako pilotariek eta gomazko palistek galdu egin dute final laurdenetako joanekoan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 31a, 08:00

Arregi gazte mailako pilotaria, iaz, Gurean. (Andoni Elduaien)

Gomazko palistek eta esku pilotariek atzo arratsaldean jokatu zituzten Herriartekoaren final laurdenetako joaneko partidak. Gurean aritu ziren gomazko palistak, eta Beasainen (Gipuzkoa), esku pilotariak. Zail jarri zaie bi taldeei kanporaketa. 

Azkoitiari maldan gora jarri zaio Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Atzo, ostirala, jokatu zituzten gomazko palistek eta esku pilotariek final laurdenetako joaneko partidak; Azkoitiko Gurea frontoian jokatu zuten palistek Astigarragaren aurka, eta Beasainen (Gipuzkoa), esku pilotariek. Bi taldeek 2 eta 1 galdu zuten. 

Gomazko palistek ondo ekin zioten arratsaldeari etxean, Iker Epeldek 20 eta 8 irabazi baitzuen kantxa osoan buruz buru. Dena den, binakakoan berdindu zuen lehia Astigarragak, Igor Larrañagak eta Markos Azpirozek 9-20 galdu baitzuten. Jokin Aizpuruk jokatu zuen zazpi koadroren barruko buruz burukoa, eta hark 5-20 galdu zuen. Oso zail dute palistek kanporaketa gainditzea, Astigarragan bi partida irabazi eta gaur-gaurkoz aurka duten tantoen aldea irauli beharko dute-eta Oteizakoek datorren astean; Azkoitiak 34 tanto egin zituen atzo, eta Astigarragak, 48 tanto. 

Esku pilotariek ere galdu egin zuten Beasaingo Antzizar pilotalekuan, baina badute oraindik argi izpiren bat finalerdietara sailkatzeko. Kadeteen mailan lortu zuen Azkoitiak atzo puntua, Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak 2-22 irabazi baitzuten. Gazte eta nagusi mailan, ordea, ezin izan zuten Oteizakoek punturik batu; gazteetan, Beasaingoek 22-14 hartu zituzten mendean Jon Arregi eta Denis Galarza, eta nagusietan, 22-11 galdu zuten Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik.

Finalerdietara sailkatu nahi badute, Oteizako esku pilotariek bi partida irabazi beharko dituzte gutxienez datorren ostiralean Gurean, eta alde duten tantoen aldea mantendu; izan ere, atzo bi eta bat galdu arren, Beasainek baino tanto bat gehiago egin zuen Azkoitiak –46 tanto Beasainek eta 47 tanto Azkoitiak–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide