43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil du bart, eta ondoren, bere buruaz beste egin du, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Hilketa salatu du Urola Erdiko Itaiak. "Itaiatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu eraildako neskatoaren eta erasotutako emakumearen familiari eta ingurukoei", adierazi dute ohar bidez.
"2025ean jadanik hiru emakume izan dira erailak Euskal Herrian. Horiez gain, duela aste batzuk Gasteizko emakume bat erail zuen bere senarrak Haron [Espainia]. Egunero argi eta garbi ikus dezakegu: indarkeria matxistak modu gordinean kolpatzen jarraitzen du emakume langileon bizitza. Indarkeria bikarioaren helburua ere horixe da: emakumearen gertukoren bat erasotzea, berak sufri dezan" nabarmendu dute.
Egoera horren aurrean, "matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea beharrezkoak" direla azpimarratu du Itaiak.
Udalaren gaitzespena
Azkoitiko Udalak, era berean, "irmoki gaitzetsi" du Bilbon gertatutako hilketa. "Udalak babesa adierazi nahi dio amari, eta elkartasuna, familiari eta hurbilekoei", adierazi du erakundeak.