Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak IV. Beltzen Torneoa antolatu du aurten ere. Horren berri ematearekin batera zabaldu du txapelketan parte hartu ahal izateko izen-emate epea; ekainaren 13ra arte eman ahal izango dute izena taldeek Tta-kun taldearen Instagram kontuaren bidez.
Ohi bezala, talde mistoak osatu beharko dituzte parte hartzaileek; alegia, gutxienez bi mutilek edota bi neskak egon beharko dute taldea osatuko duten zortzi jokalarien artean. Horrez gain, talde bakoitzak bere entrenatzailea ere izendatu beharko du. Gainera, txapelketan parte hartu ahal izateko, 2008. urtean baino lehen jaiotakoa izan beharko da. Izena ematean, talde bakoitzak lehiaketarako taldearen izena zehaztu beharko du, taldekideen zein entrenatzailearen izenen zerrenda adierazi eta kapitaina hautatu. Ordea, izena emandako jokalariak eta entrenatzaileak ezingo dira aldatu beste norbaiten ordez.
Areto futbol taldeak ez du zehaztu noiz hasiko den ziur IV. Beltzen Torneoa, baina esan du uztailaren lehen edo bigarren astean ekingo diotela, betiere izena emandako talde kopuruaren arabera. Hori bai, partida guztiak 18:00etan hasita jokatuko dituzte, eta denak kanporaketa erakoak izango dira.