Anaitasuna mendi bazkunak oinezko irteera antolatu du Tebarray eta Peña Xuans mendietara

Andoni Elduaien 2025ko eka. 2a, 09:14

Peña Xuans mendia dagoen ingurua. (Cima Norte)

Ekainaren 21ean eta 22an egingo dute irteera Pirinioetara, baina, parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez. Hain justu, gaur, astelehena, zabaldu du horretarako epea. Mendi bazkunako bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, 70 euro. Abuztuko mendi irteeraren berri ere eman du Anaitasunak. 

Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunak oinezko laugarren mendi irteera antolatu du Pirinioetara. Ekainaren 21-22 asteburuan egingo dute irteera, eta bi mendi igoko dituzte, azken irteeretako bideari eutsi: hilaren 21ean, larunbatez, Tebarray mendia izango dute jomuga, eta hilaren 22an, igandeaz, Peña Xuans mendia. 

Hain justu, hilaren 21ean, 06:00etan abiatuko dira kotxez Sallent de Gallego herrian (Espainia) dagoen Tebarray mendi inguruko Casa Piedra aterpetxera; izan ere, zapatuan hemezortzi kilometro eta 1.425 metroko desnibel positiboa duen mendi ibilaldia egingo dute mendizaleek. Gaua aterpetxean igaro eta gero, hurrengo egunean Baños de Panticosa herriko (Espainia) Peña Xuans mendia igoko dute, hamalau kilometro eta erdian 1.253 metroko desnibel positiboko ibilbide zirkular bat eginda. 

Mendi bazkunak gaur, astelehena, zabaldu du mendi irteeran parte hartu ahal izateko epea; hilaren 12ra arte egongo da zabalik honako galdetegi hau. Anaitasunako bazkideek 60 euro ordaindu beharko irteeran parte hartzeko, eta gainerakoek, 70 euro. Prezio horren barruan sartu dituzte autoz egingo duten bidaiaren gastuak, afaria, gaua eta gosaria.

Hala eta guztiz ere, zenbait baldintza betetzeko eskatu du Anaitasunak. Batetik, irteeran parte hartzeko federatuta egon beharko dute mendizaleek, eta bestetik, adingabeko baten kasuan, hark arduradun batek lagunduta egin beharko du bidaia. Mendi bazkunak adierazi du mendi taldea ez dela ezeren erantzule egingo. 

Abuztuko irteera

Bestalde, abuztuaren 8tik 12ra, Ruta de los tres refugios deituriko irteera egingo dute Anaitasunakoek. Abuztuak 8an Benasquera joango dira, bertan autoak utzi eta lau etapatako ibilbidea egiteko. Lehen egunean, Benasque eta Estos lotuko dituzte –11,38 kilometro eta 1.068 metroko desnibel positiboa–. Bigarren egunean, Estos eta Viados artekoa egingo dute –14 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa–. Hirugarren etapan, Viados-Angel Orus egingo dute –11,29 kilometro eta 1.169 metroko desnibel positiboa–. Gainera, hirugarren etapa horretan Posets mendira igotzeko aukera izango du nahi duenak. Azken etapan, berriz, Angel Orus  eta Benasque lotuko dituzte –19,64 kilometro eta 1.535 metroko desnibel positiboa–.  Azken gaua Benasquen igaroko dute mendi zaleek, eta abuztuaren 12an Azkoitira itzuliko dira.

Irteeran parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez. Gaur, astelehena, Anaitasunak mendi bazkunako bazkideei ireki die izen-ematea; 200 euro ordaindu beharko dituzte horiek. Aldiz, datorren astelehenean bazkide ez direnentzat irekiko du mendi taldeak izen-ematea; azken horiek 250 euro ordaindu beharko dute.

Prezioaren barruan sartu dituzte kotxez egingo duten bidaiaren gastuak, afaria, gaua eta gosaria. Egingo duten ibilbidea zirkularra izango denez, mendizale bakoitzak bere motxila eraman beharko du une oro, alegia, berak eraman beharko ditu, hala nola lo zakua, janaria eta, arropa. Izena, bi kasuetan, online erako galdetegia beteta eman beharko dute interesa dutenek. Irteeran parte hartzeko plazak mugatuak direla adierazi du Anaitasunak. Gainera, bidaiara joateko nahitaezkoa izango da mendian federatuta egotea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide