Ikasleek mugikortasunari lotutako proposamenak helarazi dizkiote udalari

Ane Olaizola 2025ko mai. 29a, 14:40

Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten ikasletako batzuk, gaur, udaletxean. (Azkoitiko Udala)

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, mugikortasun jasangarriari lotutako azterketa egin dute ikasleek herrian, eta horren emaitza aurkeztu diote gaur Ana Azkoitiari, udaletxean. 

Mugikortasun jasangarriaren gaia landu dute herriko ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, eta ikasturtean zehar egindako lanketa aurkeztu diote gaur Ana Azkoitia alkateari udaletxean. 

Azkoitia BHIk, Bizilore Eskola Aktiboak, Floreaga ikastetxeak, Izarraitz Lanbide Heziketak eta Xabier Munibe ikastolak parte hartu dute parte programan; guztira, 2.200 ikasle inguruk, hain zuzen. Horiek ordezkatu dituen talde bat izan da gaur udaletxean, gaiari lotutako proposamenak, iradokizunak eta konpromisoak azaltzeko. Udalaren esanetan, segurtasunari, bidegorriari, bizikletei eta garraio publikoari lotutako proposamenez mintzatu dira saioan: "Espaloiak zabaltzea, gaizki aparkatutako kotxeei isunak jartzea, bizikleta eta patineteentzat aparkaleku gehiago ipintzea, Urbanoaren ibilbidea eta maiztasuna handitzea, festetan gaueko garraio publikoa jartzea… hainbat eta hainbat izan dira jasotako proposamenak".

Azkoitiak, berriz, azaldu du udalak herriko mugikortasunaren inguruko diagnosia egin berri duela, eta azterketaren "zertzelada nagusiak" azaldu dizkie ikasleei.  “Garraioaren errege nagusiak kotxea izaten jarraitzen du. Azkoitian, herri barruan, kilometroko erradioan ia zerbitzu guztiak ditugun arren, kotxea hartzen dugu”. Era berean, eskerrak eman dizkie mugikortasunaren inguruko galdetegia betetzeagatik; eskoletatik 700 erantzun baino gehiago jaso ditu erakundeak. 

Mailaka gauzatu dute ikasleek aurtengo lanketa: LH1 eta LH2koek etxetik eskolarako bidea aztertu dute; LH3 eta LH4koek herriko planoa izan dute aztergai eta, besteak beste, irisgarritasun arazoak antzeman dituzte; LH5 eta LH6ko ikasleek, berriz, herritarren mugitzeko moduak eta ohiturak jaso dituzte galdetegi baten bidez. 

Horrez gain, DBH1 eta DBH2ko ikasleek bidegorriak aztertu dituzte, eta DBH 3 eta DBH4koek, mugikortasunaren inguruko hainbat datutan jarri dute arreta, hala nola CO2 isurketetan eta denboran zein distantzian. Batxilergoko ikasleek, bestalde, espazio publikoaren azterketa egin dute, eta lanbide heziketako ikasleek inkesta bidez parte hartu dute, beste hainbat jardueren artean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide