Azkoitiko Udalak gaur, osteguna, zabaldu du aurrekontu parte hartzaileetan ekarpenak egiteko epea, eta herritarrek ekainaren 24era artean izango dute beren proposamenak helarazteko aukera, erakundeak etxez etxe banatu dituen eskuorriak bete eta udaletxean, Elkargunean zein Aizkibel liburutegian utziz. Era berean, informazio gune bat jarriko dute hilaren 7an eta 10ean, eta han ere egin ahal izango dira proposamenak. Hilaren 7an, parrokiaren aurrean egongo dira 11:00etatik 13:30era artean, eta hilaren 10ean Elkarguneko sarreran, 17:00etatik 19:30era artean.
"Erabaki ahalmena partekatzeko tresna" gisa, kultura parte hartzailea sustatzeko eta herritarrei hitza nahiz botoa emateko asmoz zabaldu du aurrekontu parte hartzaileen bidea udalak. Horren bidez, 300.000 euro zertan erabili ahal izango dute herritarrek: batetik, 18.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua duten proiektuetarako 50.000 euro bideratuko dituzte, eta gainontzeko 250.000 euroak 18.000 eurotik gorako proiektuentzako izango dira.
Herritar orok egin ditzake proposamenak, eta udalak guztiei dei egin die parte har dezaten, "guztien onerako" izango delakoan. Ordea, horretarako hainbat zehaztapen ere egin ditu: proposamenak inbertsio edo azterlan berrietan oinarritu beharko dira, eta ezingo dute gastu iraunkorrik sortu. Horrez gain, proiektuek udalaren eskumenekoak izan beharko dute, eta teknikoki, ekonomikoki zein juridikoki bideragarriak izan beharko dute.
Behin ekarpenak egiteko fasea ixten denean, udal teknikariek jasotako ideia guztiak aztertuko dituzte, irizpide horiek kontuan izanda. Bideragarriak diren proiektuen artetik, herritarrek osatzen duten berme batzordeak erabakiko du bozketa fasera zein proiektu igaroko diren. Urrian izango da bozketa fasea, eta 16 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko aukera —8 eta 18 urte bitarteko haurrak eta gazteak ere ari dira prozesuan parte hartzen, ikastetxeetan—. Orduan boto gehien jasotzen dituzten proiektuak hurrengo bi urteetan gauzatuko ditu udalak.
Berme batzordea, martxan
Udalbatzak otsailean onartu zuen, aho batez, aurrekontu parte hartzaileen prozesua abian jartzea, eta orduan adostu bezala, berme batzordea osatuz hasi zuen udalak bide hori apirilean. Ausaz hautatutako 15 herritarrek osatzen dute berme batzordea, eta udalaren esanetan, taldeak dagoeneko aurreneko bilera egin du, bozkatu beharreko proiektuak lehenesterakoan izan beharreko irizpideak finkatzeko. Hurrengo bi saioak, berriz, irailean eta urrian izango ditu taldeak.
Bide horretan, erakundeak eskerrak eman dizkie berme batzordea osatzen duten herritarrei zein horretarako prestutasuna agertu duten guztiei. "Batzordeak, eraginkortasun arrazoiengatik, 15 parte hartzaile baino ez ditu, eta, beraz, ezin izan dute taldeko kide izan proposamena jaso zuten herritar guztiek". Izan ere, apirilean 300 gutun bidali zizkien zozketa bidez titular edo ordezko gisa hautatuak izan ziren herritarrei, eta horietatik hamabost pertsonak osatu dute taldea, adin eta genero desberdinetakoak.