Eztabaida sortu du udaltzain plaza bat betetzeko EH Bilduren eskaera gai zerrendatik kanpo utzi izanak

Andoni Elduaien 2025ko ots. 27a, 13:20

EH Bilduk joan den ostiralean erregistratutako eskaera gai zerrendatik kanpo utzi zuen Ana Azkoitia alkateak, erregistroko dokumentuak "berandu" eta "akats formal" ugari zituela arrazoituta. Koalizio abertzalearen iritziz udalbatzak "aukera ezin hobea galdu" du udaltzainen kontratazioa beste eredu batean lantzen hastea eztabaidatu ahal izateko.

Udalak otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena. Askotarikoak ziren gaiak, eta halakoxeak izan ziren udal taldeek eguneko puntuei emandako erantzunak ere. Nolanahi ere, hutsik dagoen udaltzain postu bat betetzeko udalak Arkautirekin hartuko duen bideak sortu zuen eguneko eztabaida nagusia; izan ere, prozesua Arkautiren bidez egin ahal izatea onartu ala ez erabaki behar zuten atzo. Azken egunetan udaltzainen ereduaren bueltan eskualdeko hainbat herritan kaleratutako albisteaz jakitun, Ana Azkoitia alkateak hasterako aitortu zuen gaiak "zeresana" emango zuela, eta halaxe izan zen.

Alkateak esan zuen udal gobernuak hautaketa prozesua Arkautirekin egin ahal izatea jasoko zuen irizpena ematearekin batera jakin zutela Zumaiak, Azpeitiak eta Getariak elkarrekin egingo zutela udaltzainen hautaketa prozesuaren kudeaketa gomendioa alegia, prozesua hiru herriek kudeatuko zutela. Udalak urretik zituen asmoei eutsi zien, eta kudeaketa Arkautirekin egitearen irizpena udalbatzarrera eramatea erabaki zuen. Ordea, joan den ostiralean, atzoko udalbatzarrerako deialdia egitea egokitzen zen egun berean, EH Bilduk eskualdeko beste hiru herrien prozesua udalbatzarrean aztertzea eskatu zuela azaldu zuen Azkoitia alkateak.

Azkoitiak, baina, koalizio abertzalearen proposamena gai ordenan ez sartzea erabaki zuen, batetik, "berandu" egina zela iritzita, eta bestetik, "ondo lotu gabeko kudeaketa gomendioa" udalak onartzeak "zentzurik ez" zuelako. "Presatik egindako proposamena zen, eta akats formal ugari zituen. Kudeaketa gomendio bat sinatzea bada kontua, kudeaketa gomendio batek egon behar zuen, eta ostiralean ez genuen esku artean". Horrekin batera, esan zuen bi kudeaketa ereduak mahai gainean jartzeak kontua zaildu zezakeela. "Arkautiko prozesuari eusteko otsailean onartu beharra zuen udalak, bestela ezingo genuen eta handik bete lanpostua. Horregatik lehenetsi da hura. Zuen eskaria hilabete bat lehenago jaso izan bagenu, beharbada, beste zerbait izango litzateke", esan zuen.

EH Bilduko Asier Altuna bozeramaileak erantzun zion alkateari, batetik, beraiek erregistroa denboraz eta formaz "zuzen" egin zutela esateko, eta bestetik, Zumaiako prozesuak "berme guztiak" dituela baieztatzeko. Koalizio abertzaleak "herritarrengandik hurbil egongo diren udaltzainak" nahi ditu. "Ezinbestekoa iruditzen zaigu udaltzainek euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea, herriaren ezaugarriak nahiz kultura ezagutzea eta herritarren eguneroko bizitzan parte hartzea". Bi ereduei bide emateko "aukerak" egon badaudela esan zuen Altunak, baina, horretarako, aurrena,  "eztabaida ireki" behar dela. Bi ereduan artean eztabaida irekitzeko "borondate politiko eza" egotzi zion Altunak udal gobernuari, eta azpimarratu zuen udalak udaltzainen kontratazioaren beste eredu bat landu eta eztabaidatu ahal izateko "aukera ezin hobea galdu" duela.

Azkoitia Baik eta PSE-EEk bermatu zuten udalaren eta Arkautiren arteko hitzarmena onartzea. Azkoitia Baik aldeko boto bat eta "bi abstentzio kritiko" eman zituen. Jose Joakin Etxaniz zinegotziak Aurkautiko hautaketa prozesuak "akatsak" dituela nabarmendu zuen, eta horrekin batera adierazi zuen Zumaiak, Azpeitiak eta Gertariak aurkeztutako proposamena "gertutik jarraitu beharrekoa" dela. Hiru herri horien ereduari, ordea, "hutsune handiak" ikusten dizkiote, eta "teknikoki garatu gabe" dagoela. Udaltzain postua hutsik gelditu ez zedin, udal gobernuak behar zuen baiezko botoa eman zuen hark.

PSE-EEko Janire Igoa bozeramaileak ere "hurbiltasunezko polizia eredu baten aldeko apustua" egin zuen, baina horretarako "elkarrizketa zabala" behar dela esan zuen hark, "alderdien arteko konfrontazioetara mugatzen ez den" elkarrizketa. "Gaizki goaz polizia eredu bat eraiki nahi bada, alderdi politikoak aurrez aurre jartzen saiatuz. Edozein hobekuntza egiteko, ezinbestekoa da gaia despolitizatzea, eta Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren edozein tresna politiko saihestea, hori baita agertzen hasi den arriskua".

Gainerakoan, nahikoa ados

Bestalde, udalaren 2025. urterako araudi plana aho batez onartu zuten. Udalak ordenantzen bueltan dituen asmoak jaso dituzte plangintza horretan. Besteak beste, azokaren erabilerarako udal ordenantza, Azkoitiko Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezia eta mugikortasunari buruzko ordenantza aldatzea aurreikusi ditu erakundeak. Azken horri lotuta, Alde Zaharrera sartzeko dauden piboteak kendu, eta ibilgailuen gaineko kontrola kameren bidez egitea da asmoa. Alokairu soziala sustatzeko diru laguntzak eta etxebizitzak alokatzeko diru laguntzak ematea arautuko dituzten oinarrien aldaketak ere proposatu zituzten.

Dena den, udaletxeko bilkura areto nagusia, Intsausti jauregia nahiz San Martingo Ondaregunea ezkontzetarako erabiltzeko araudia egitea jaso dute, duela gutxi Bake epaitegiei ezkontzen zeremonia beraien egoitzetan egiteko eskumena kendu eta gero. Ordenantza aldatuta, aurrez aipatutako hiru egoitza horietan astegunetan ere ezkondu ahal izango dute herritarrek.

Aurrekontu parte hartzaileen bueltan, bestalde, udal talde guztiek hainbat konpromiso hartu dituzte. Hain justu, batetik, erabaki dute aurten parte hartze prozesuan aukeratutako proiektuak agintaldiak irauten duen hiru urteetan gauzatzea, eta bestetik, datozen urteetan parte hartze prozesurik ez egitea. Udalak 300.000 euro bideratuko ditu aurten parte hartze prozesura. 50.000 euro bideratuko dituzte 18.000 euro baino gutxiagoko proiektuetara eta 250.000 euro 18.000 euro edo gehiagokoetara.

Herritarrek proposamenak egiteko epea maiatzean edo ekainean zabalduko dute. 16 urtetik gorako herritarrek izango dute parte-hartzeko aukera, baina proposamen zein bozketa fasetan 6 edo 8 urtetik gorako herritarrek ere bai. Gainera, prozesuaren gidaritzarako berme batzorde herritarra osatuko dute ausaz hautatutako herritarrekin eta udal teknikari batekin.

Bi mozio ere bai

Azkenik, mozioak ere hizpide izan zituzten udal taldeek. Martxoaren 8aren bueltan, bi mozio aurkeztu zituzten: bat, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu zuten elkarrekin, eta bestea, EH Bilduk. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako adierazpenaren alde egin zuten jeltzaleek eta sozialistek, baita koalizio abertzaleko kideek ere. Haiek, beraien testua babesteaz gain, besteena ere onartu zuten. Azkoitia Baik, berriz, ezezkora jo zuen ohi bezala, halako mozioei eraginkortasunik ikusten ez diela eta.

Mendebaldeko Saharako herriaren eskubide legitimoen defentsaren inguruko mozioa ere aurkeztu zuen EAJk. Darahli elkarteko Leire Lizarraldek irakurri zuen mozio hura, eta EAJren nahiz EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten. Azkoitia Baik eta PSE-EEk kontrako botoa eman zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide