Prest dute Xabier Munibe 41. Parte Hartze Herrikoia

Ane Olaizola 2025ko mai. 28a, 09:14

Xabier Munibe Parte Hartze Herrikoia, iaz. (Unax LarraƱaga)

HH4 mailatik DBH2 mailara arteko ume guztiek izango dute igandeko egitasmoan parte hartzeko aukera, 10:30etik 11:55era bitartean egingo dituzten bederatzi lasterketetan.

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako Udaberri guraso elkarteak antolatuta, Xabier Munibe 41. Parte Hartze Herrikoia jokatuko dute igandean herriko kaleetan, eta ohiko moduan, Azkoitiko zein inguruko herrietako ehunka ume elkartuko dira hango lasterketetan.

HH4 mailatik DBH2 mailara arteko ume guztiek izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera, 10:30etik 11:55era bitartean egingo dituzten bederatzi lasterketetan. HH4 eta HH5 mailetako ikasleak Beti Poz elkartearen paretik abiatuko dira 400 metroko ibilbidea egiteko; lehenengoak 10:30ean, eta bigarrenak 10:45ean.

Ondorengo beste proba guztiak, berriz, Plazaberritik abiatuko dira: 10:55ean LH1eko ikasleen lasterketa hasiko da, eta hamar minutura, LH2koena. Bi talde horietakoek 550 metro egingo dituzte, hau da, itzuli txiki bat osatuko dute Plazaberri eta Ibaiondo kaleen artean. LH3ko eta LH4ko ikasleek, berriz, 1.100 metro egin beharko dituzte; bi itzuli txiki. LH3koen proba 11:15ean hasiko da, eta ondorengo mailakoena, 11:15ean.

LH5ekoek 11:35ean hasiko dute proba, eta hamar minutura hasiko da LH6koena. Bi horiek 1.550 metro egingo dituzte korrika; hau da, itzuli txiki bat zein handi bat egin beharko dute —Plazaberri, Santa Klara, Trino Uria eta Ibaiondo kaleen artekoa izango da itzuli handia—.

DBHko lehenengo eta bigarrengo mailakoen lasterketarekin amaituko da Xabier Munibe 41. Parte Hartze Herrikoia, 11:55ean. Horiek proba bakarra egingo dute, eta bi kilometroko ibilbidea osatuko dute, bi itzuli handi eginez.

Plazaberrin amaituko dira lasterketa guztiak, eta hamaiketakoa eta kamiseta bana jasoko dute parte hartzaile guztiek. 12:30ean, berriz, sari banaketa ekitaldia hasiko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide