Altzibar eta Plazaberri korrika ahalik eta azkarren lotzen ahaleginduko dira zapatuan hainbat korrikalari

Andoni Elduaien 2025ko mai. 29a, 09:00

Parte hartzaile bat, iaz, Plazaberrin. (Ihintza Elustondo)

17:00etan hasiko da Altzibar eta Plazaberri arteko helduen proba, baina izena emateko postua 16:00etan jarriko dute Plazaberrin bertan. Haurren mailako kirolariek ere parte hartuko dute aurten kilometroko proban.

Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeak iaz berreskuratu zuen, hamar urteko etenaren ondoren, Erlojupeko Kilometroa proba. "Herrian saltsa" jartzeko asmoz egin zuten iaz proba, eta asmo berarekin antolatu dute datorren larunbateko hitzordua ere. Altzibar etorbideko biribilgunetik Plazaberriko iturrira arte dagoen kilometroa korrika eta ahalik eta denbora gutxienean egitea da erronka. Zapatuan, 16:00etatik aurrera eman ahal izango dute herritarrek probarako izena Plazaberrin, eta ordubete geroago hasiko da lehia.

Iaz, guztira, 24 korrikalarik parte hartu zuten, eta 2014an ezarritako markak hautsi zituzten, bai gizonetan, bai emakumeetan. Gizonetan, Bingen Aranbarri izan zen azkarrena, proba bi minutu eta 23 segundoko denboran eginda. Iaz arte, Jon Perezek zuen denborarik onena, hark Pedro Muñozi ehunenen batzuengatik irabazi baitzion 2014an; bi horiek bi minutu eta 35 segundoan lotu zituzten Altzibar eta Plazaberri.

Emakumeetan, berriz, Jone Zabaletak egin zuen 2014an denborarik onena: bi minutu eta 59 segundo. Hain justu, iaz ere Zabaleta izan zen emakumeetan azkarrena, baina aurretik egindako denbora bost segundoan hobetu zuen hark; bi minutu eta 54 segundoko denbora egin zuen. Beraz, Aranbarrik eta Zabaletak iaz egindako markak dira hobetu beharrekoak.

Iaz, probaren atarian aritu ziren lasterketa Xeyeko 12 eta 14 urte arteko gazteak, baina, aurten, horiek ere kilometroko erlojupekoan parte hartuko dute. Korrikalari guzti guztiak minutu bateko aldearekin abiatuko dira Altzibarko biribilgunetik, eta helmugara iritsi eta denborak neurtzean, sari banaketa ekitaldia egingo dute, helmugan bertan. Hainbat zozketa ere egingo dituzte parte hartzaileen artean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide