Suhar koruaren kontzertua, Udaberriko Musikaldiko azkena

Andoni Elduaien 2025ko mai. 30a, 09:15

Suhar korua. (Suhar)

Azken emanaldia ere 18:30ean hasiko da, Santa Kutz komentuan. Suhar gizonen koruak askotariko abestiak eskainiko ditu, Esteban Urzelairen zuzendaritzapean eta Amaia Zipitria piano jotzailearen doinuetara.

Bihar, zapatua, 33. Udaberriko Musikaldiaren azken emanaldia izango da Santa Kutz komentuan. 18:30ean hasita, Suhar koruak eskainiko du kontzertua, abesbatzen munduan esperientzia handia duen Euskal Herri osoko abeslariz osaturiko gizonen koruak, hain zuzen.

2018ko udazkenean sortu zuten korua, gizon-abesbatzentzako errepertorioa maila gorenean lantzeko asmoarekin. Euskal Herriko gizonen abesbatzen ondarea jasoz eta tradizioa zein modernitatea uztartuz, gizonen koruek musikaren sorkuntzan eta kultur ekoizpenean "leku paregabea izango duten etorkizunaren oinarriak eraikitzea" da haien asmoa.

Esteban Urzelai Espainiako Abesbatzako zuzendariordea da koruaren sortzailea eta zuzendaria. Zuzendari oñatiarraren esperientzia ezaguna da nazioartean, eta ezinbestekoa da Amaia Zipitria piano jotzaile eta Musikeneko irakaslearen parte hartzea. Hainbat emanaldi, kontzertu, jaialdi eta ziklotan parte hartu du abesbatzak, baita, bihar bezala, musikaldietan ere. 

Ohi bezala, doakoa izango da biharko azken kontzertua ere, eta emanaldira joateko doako autobus zerbitzua jarriko du udalak. 18:00etan abiatuko da autobusa Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik —Eroski Consum ondoan—, eta kontzertua amaitzean, herrigunera itzuliko da. Autobus zerbitzua erabiltzeko ez dago aurrez izena eman beharrik. 

Hona hemen biharko kontzertuaren egitaraua:

  • Beati mortui (2 Geistliche Chöre, op. 115) (F. Mendelssohn)
  • Aita Gurea (F. Madina)
  • Agur Maria (F. Madina)
  • Herr, lehre doch mich (R. Mauersberger)
  • Ave maris stella (E. Ugalde)
  • La pastorella al prato, D. 513 (F. Schubert)
  • Die Nacht (Die Tageszeiten, nº 4) (R. Strauss)
  • Hiru gizon koru (A. Dvorak, eslaviar herri-abestien bildumatik)
    • Tristura (Zal)
    • Ur miragarria (Divna voda)
    • Basoko neska (Devce v haji)
  • Itsasoa ari zait (I. Azurmendi)
  • Izar ederrak (J. Elberdin)
  • Ipar haize hotz zuria (X. Sarasola)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide