'Erremontari'-Sagardoaren Txapelketaren finala jokatuko du Iban Larrañagak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 27a, 08:43

Iban Larrañaga, Galarretan. (Oriamendi 2010)

Erremontista azkoitiarra Javier Urrizarekin ari da lehiatzen txapelketa, eta atzo garaipena lortuta, finalerako sailkatu da bikotea. Ekainaren 16an jokatuko dute haiek finala, Hernaniko Galarreta frontoian.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra 'Erremontari'-Sagardoaren Txapelketaren finala jokatzeko sailkatu da. Larrañaga Javier Urrizarekin batera ari da txapelketa jokatzen, eta atzo, astelehena, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan lortutako garaipenari esker, ekainaren 16ko finala jokatuko dute haiek.

Urriza eta Larrañaga Petritegi etxearen ordezkari gisa ari dira lehiatzen, Aritz Altadill kapitain dutela. Nafarroako txapeldun handiak erretiroa hartu aurretik jokatuko duen azken txapelketa izango da, gainera. Atzo, ligaxkako azken jardunaldiko partidan, Ansa II.a eta Zubiri bi jokotan menderatu zituzten Petritegiko erremontistek, 7-15 eta 14-15, hain zuzen.

Aldabe eta Barrenetxea, berriz, txapelketako finalerdia jokatzeko sailkatu dira, ligaxka bigarren postuan amaituta. Aldiz, Ezkurra-Juanenea eta Ansa-Zubiri bikoteek play-offean erabaki beharko dute finalerdietako azken plaza bietako zeinentzat izango den. Play-off horretako irabazleak eta Aldabe-Barrenetxea bikoteak ekainaren 9an jokatuko dute finalerdia. Finala ekainaren 16an, astelehenez, 18:00etan jokatuko dute, eta gau horretan bertan ETB1ek eskainiko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide