Berdura Plazara kontsumitzaile berriak erakartzeko helburuarekin, Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerra eskainiko dute datorren zapatuan, maiatzak 31. Kontsumitzaileek azokekiko duten harremana azken urteetan "aldatzen" ari dela ikusita, eta kontsumitzaile berriak zein gazteak azoketara erakartzeko "aukera bikaina" ireki delako, doako tailerra antolatu dute zapaturako Gipuzkoako Azoken Sareak eta udalak.
Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute saioa, eta bertako zein garaiko produktuak ezagutaraztea eta horiek balioan jartzea izango dira tailerraren xede nagusiak. Otegi Bergarako (Gipuzkoa) Oxirondo azoka gaurkotzeko sortutako Elikaenea proiektuko kidea eta sukaldaria da. Aizpuru, berriz, Azpeitiko Eliku zentroko arduraduna da.
"Herriko nekazarien azoka indarberritzea ezinbestekoa da, eta egitasmo horren bidez, indarberritze horretan eragitea lortu nahi da. Hala, tailerrean zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, baita ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen ere", azaldu du Gipuzkoako Azoken Sareak.
Egunerokotasunean kozinatzerakoan edo elikatzerakoan kontuan hartu beharreko hainbat aholku emango ditu bikoteak. Osasuntsu jateak duen garrantzia azpimarratuko dute, eta elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak ezagutzeaz harago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera ere emango dute Otegik eta Aizpuruk. Bide batez, errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dituzte haiek.
Tailerra herritar guztiei irekia da, eta parte hartzeko nahikoa izango dute herritarrek azokara gerturatzea eta gunean bertan egokituko dituzten aulkietan esertzea. Tailerra 11:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Tailerrean zenbait platera kozinatuko dituzte partaideek, eta amaieran, horiek zuzenean dastatzeko aukera izango da.