Herri Jaiak aukerako osagaiak eskainiko ditu etzi, plazan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 30a, 09:23

Hainbat herritar, iaz, plazan. (Unax LarraƱaga)

Goizean zehar, baserritarren eta ekoizleen produktuen azoka egingo dute plazan. 11:00etan, haurrentzako puzgarriak izango dira Goiko Losan, eta eguerdian hasiko dira txahal erre pintxoak eta sagardoa banatzen.

Azkoitiak Herri Jaia ospatuko du etzi, igandea. Udalak ekainaren lehen igandean antolatu ohi du bertako baserritarren eta ekoizleen produktuak plazaratzeko eta "baserri munduari gorazarre" egiteko eguna. Aurten ere urteroko bidetik egingo dute jaia, eta hori hala, herritarrek txahal errea zein sagardoa dastatzeko eta baserritarren nahiz ekoizleen produktuak eskuratzeko aukera izango dute goizean, herriko plazan.

Baserritarren eta ekoizleen plazan askotariko postuak jarriko dituzte. Guztira, zortzi postu izango direla jakinarazi du udalak, horietatik lau herrikoenak: Azkoitiko Ipintza, Zumeta, Santa Kutz zein Zabaleta baserrienak eta inguruko herrietatik etorriko diren Etxearreta, Berastegi, Lizagasar eta Santa Klara baserrienak.

Txahala igande goizaldean hasiko dira erretzen Ikurriñaren plazan. Ordea, haren pintxoak banatzen eguerdian hasiko dira, zehazki, 12:00etatik aurrera. Txahal pintxoak probatzeko, txartelak erosi beharko dituzte aurrez herritarrek, plazan bertan horretarako egokituko duten gunean. Edalontziak ere eskuragarri egongo dira bertan; izan ere, Aburuza, Añota, Lizagasar eta Ekain etxeetako sagardoa probatzeko aukera izango da plazan. 

Ordea, umeentzako gune bat ere izango da plazan; izan ere, 11:00etatik aurrera, puzgarriak erabilgarri izango dituzte haurrek, Goiko Losa frontoian. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide