Xabi Oroz Super Agropal Palencia taldeko saskibaloi jokalari azkoitiarrak Espainiako saskibaloiaren maila gorenera itzuli ahal izateko lauko finala jokatuko du. Final laurdenetako kanporaketan Galiziako Monbus Obradoiro taldeari hiru partida irabazita sailkatu da azkoitiarra lauko finalera.
Kanporaketako aurreneko partida Santiagon jokatu zuen Palenciak, eta Obradoirok 87-83 irabazi zuen, etxeko abantaila baliatuta. Bigarren partida ere Santiagon jokatu zuten, baina Palenciak irabazi zuen orduan 72-85 emaitzarekin; hala, gainera, kantxa faktorea ere irabazi zuen Orozen taldeak. Etxean jokatutako bi partidetan ebatzi du kanporaketa Palenciak: lehen partidan, 101-94 gailendu zen Palencia, eta atzo jokatutako bigarrenean, 92-83.
Lauko finala jokatuko duten lau taldeetatik hiru baino ez dira ziurrak oraingoz, Movistar Estudiantes, Flexicar Fuenlabrada eta Super Agropal Palencia jada sailkatu dira eta. Odilo FC Cartagena eta Real Betis taldeen arteko kanporaketa irabazten duen taldea izango da laugarren sailkatua.
Dena den, Orozen taldeak dagoeneko badaki finalerdia Flexicar Fuenlabrada taldearen aurka jokatuko duela. Ekainaren 7an jokatuko dute partida hori, eta irabaziz gero, hurrengo egunean jokatuko dute finala. Oraingoz, Espainiako Saskibaloi Federazioak (FEB) ez du ofizialki iragarri lauko finala non jokatuko duten, baina laster jakinaraztea espero da.
Ansorregi, aukerarik gabe
Bestalde, Inveready Gipuzkoa Basket taldean diharduen Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarra mailaz igotzeko aukerarik gabe gelditu da. Donostiako saskibaloi taldeak Movistar Estudiantesen aurka jokatu du final laurdenetako kanporaketa, eta hiru partidak galduta, agur esan dio denboraldiari.
Lehen partidan, Estudiantesek 83-71 menderatu zuen Gipuzkoa Basket; bigarrenean, 86-84 irabazi zuten Madrilgoek; eta Donostian jokatutako hirugarren eta azken lehian, 76-82 galdu zuen Donostiako taldeak.