Anaitasuna futbol taldeko gizonek 1-3 irabazi zuten herenegun, zapatua, Hernaniko Zubipe (Gipuzkoa) futbol zelaian. Anaitasunak ezer jokoan ez zuela eta, patxadaz zelairatu ziren Loren Barbadorenak berdegunera. Aurrean, berriz, maila ez galtzeko borroka betean murgilduta zegoen Hernani izan zuten Azkoitikoek.
Laster hartu zuten aurrea gorritxoek; izan ere, 17 eta 19. minutuetan Ander Pastrianen eta Xabi Soraluzeren golekin bi tantoko abantaila hartu zuen Anaitasunak. Emaitza horrekin hartu zuten aldageletarako bidea, eta bigarren erdian aski izan zuen Anaitasunak errentari eustea.
Nolanahi ere, partidaren azken minutuetan trabatu egin ziren Barbadorenak, lehia amaitzeko minutu gutxiren faltan etxekoek beren gola egitea lortu zuten eta. Hernanikoen kolpea, baina, segituan eta azkar moztu zuen Anaitasunak; Soraluzek arratsaldeko bigarren gola egin zuen 83. minutuan, eta hala, guztiz erabakita utzi zuen partida.
Denboraldi amaiera txukuna osatuta itxi du 2024-2025 denboraldia Anaitasunak. Denboraldiaren hasiera zailak eta urte berriko aurreneko aste zailek igoeragatik borrokatzeko postuetatik zeharo aldendu zuten Anaitasuna, eta hala, erdiko posturik onena borrokatzeko lehian ibili da azken asteetan. Sailkapeneko seigarren postuan agurtu dute urtea gorritxoek, 51 puntu pilatuta; Espainiako Hirugarren Mailara igo den Añorga taldeak baino 21 puntu gutxiagorekin, alegia.