Batzoki berria inauguratzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Azkoitian, eta EAJko hainbat buruzagi izan dira herrian, besteak beste, Joseba Diez Antxustegi, Garikoitz Mendizabal eta Elena Lete legebiltzarkideak; Asier Aranbarri Uri Buru Batzarreko (UBB) presidentea, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidentea, Aitor Esteban Euskadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea. Azken hiru jeltzaleek Ikurriña plazan egin duten ekitaldian hitza hartu dute.
Julene Urzelai herrikide eta jelkidearen omenezko lore eskaintzarekin hasi dute eguna eta, atzetik, batzoki berrian elkartu dira dozenaka herritar, ikurriña altxatzeko ekitaldia ikusteko. Aurretik, baina, minutu bateko isilunea egin dute zendu berri den Arantxa Zubizarretaren omenez, eta hura oroitzeko hitzak izan dituzte geroago egin duten ekitaldi politikoan ere Estebanek eta Arrizabalagak. "Lagun eta lankide nuen, nire aldamenean eseritzen zen Batzar Nagusietan. Benetako abertzalea, lagun ona eta zintzoa zen", adierazi du azken honek.
Hori baino lehen, ordea, batzoki berriko ikurriña altxatzeaz arduratu da Rosario Azkue herritarra, "gerra, gerraostea, trantsizioa eta pizkundea" bizi izan zuen azkoitiar "bide urratzailea", antolatzaileek aintzatetsi dutenez. Azkuek berak eta "aberria" belaunaldien artean bizirauten lagundu duten beste hirutarrek lore bana jaso dute aitortza gisa, eta aurreskua eskaini diete herriko dantzariek.
Batzoki berria inauguratuta, kalejiran abiatu dira guztiak 1907an batzokia kokatzen zen lekura, Ikurriñaren plazara. Bertan, ekitaldi politikoa egin dute, eta Asier Aranbarrik, Maria Eugenia Arrizabalagak eta Aitor Estebanen hartu dute hitza. Aranbarrik gogoratu zuenez, Gipuzkoan zabaldu zen zortzigarren batzokia izan zen Azkoitikoa. "Eta ordutik, hemen gaude", nabarmendu du.