Elikagai bankua jana biltzen ari da Eroski eta BM supermerkatuetan

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 23a, 16:00

Janari bilketa Azkoitian.

Eroski eta BM supermerkatuetan jarri dituzte postuak Gipuzkoako Elikagaien Bankuko bolondresek. Saltokiak itxi arte jana biltzen arituko dira gaur, eta berdin egingo dute bihar ere.

Gipuzkoako Elikagaien Bankua janari eta bonu bilketa handia egiten ari da hainbat herritan, baita Azkoitian ere. Hain justu, Eroski eta BM supermerkatuetan jarri dituzte herritarren ekarpenak jasotzeko postuak, eta 21:00ak arte egongo dira jana biltzen gaur eta bihar.

Erakundeak ohartarazi zuen "biltegia hutsik" dagoela eta udaberriko kanpainan gutxienez 350.000 kilo bildu behar dituztela datozen hilabeteetako banaketak bermatu ahal izateko. Horregatik, gaur eta bihar "elkartasunez mobilizatzeko" eskatu zien herritarrei.

Urtero sasoi honen bueltan antolatzen du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa handia, erakundearen egoitzetako apalategiak produktuz zein elikagaiz betetzeko eta horiek urte osoan zehar herriko pertsona zaurgarrienen artean banatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide