Azkoitiko Irakurle Taldeak etzirako egin du hil honetako hitzordua. Agota Kristofek idatzitako eta Eskarne Mujikak itzulitako Koaderno handia liburuari buruz hitz egingo dute astearteko saioan. Iñigo Aranbarri idazleak gidatuta, Elkarguneko Oteiza aretoan elkartuko dira, 19:00etan hasita.
Ikasketa-prozesu baten lekuko egingo du Koaderno handia liburuak irakurlea. Kristof bere bizitzan oinarritu zen eleberri hau idazterakoan. Hungarian Bigarren Mundu Gerrak, naziek, sobietarrek eta Gerra Hotzak eragindako gerra, heriotza, gosea zein txirotasuna ezagutu zituen hark. Ahizpa bikia jaioterrian utzita erbesteratu behar izan zuen, eta orduan bizitako gertaera guztiak islatzen ditu liburuak.
Eleberriaren narratzaileak bi anaia biki dira, eta idazteko gaitasuna hobetzeko idazten dute koaderno handi batean; izan ere, koadernoan egia bakarrik idazteko baldintza ezartzen diote beren buruei. Gertaerak besterik ez dituzte idazten, baina horiek eragiten dizkieten sentimenduak ez dituzte aipatzen.
Azkoitiko Irakurle Taldean parte hartzeko edota egitasmoaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, azkoitikoirakurletaldea@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek.