Gaur zortzi, Azkoitiko AEK euskaltegiak antolatutako Zapatu Laranja ospatuko dute Azkoitian. "Euskararen eta euskaltzaleon eguna" ospatzeko eta AEK-ko ikasleak "euskaldunon sarean sartzeko" eguna izango da hilaren 31koa, eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Udalak 5.000 euroko laguntza eman dio AEKri. "Euskara ez dakitenak edota euskaraz erabiltzen ausartzen ez direnak euskarara erakartzeko saiakera orok du udalaren babesa, eta Euskara sailetik Zapatu Laranja sustatu nahi izan dugu, euskara ikasleei babesa erakusteko eta euskara ikasi ala ez zalantzan dauden guztiei indarra eman eta animatzeko", esan du Euskara zinegotzi Marijose Arregik.
Goizean goiz hasiko dira eguna ospatzen. 10:00etan, mural handi bat margotuko dute "herriko horma ikusgarri batean"; euskara ikasleen eta herriko artisten arteko elkarlanaren emaitza izango da. 12:00etan, pregoia irakurriko dute aurrena, eta ondoren, txupinazoa botako dute egunari ofizialki hasiera emateko. 12:30ean, berriz, Asier Kidam magoaren ikuskizuna izango da Kontzejupean, familia giroan gozatzeko.
4:30ean, bazkaria egingo dute plazan bertan. Bazkarirako txartelak 5 euroko balioa du, eta AEKren egoitzan, Lujan saltokian edota Dean tabernan eskuratu daitezke. Arratsaldean borobilduko dute eguna, Gotx elektrotxaranga herriko kaleak girotzen arituko baita 18:30etik aurrera.