Trikiti Eguna ospatuko dute laugarrenez bihar Azkoitian, Trikigiro elkarteak udalarekin eta Um Blem Ble tabernarien elkartearekin antolatuta, eta horrenbestez, trikiti hotsak nagusi izango dira herrian goizetik gauera bitartean. Izan ere, goizean kalejira izango da protagonista kaleetan, eta arratsaldetik aurrera, erromeriak hartuko du plaza. Eguerdian, berriz, herri bazkaria egingo dute hantxe bertan, eta antolatzaileen arabera, 150 bat lagun elkartuko dira otordu horretan.
11:30ean emango diote hasiera Trikiti Egunari, eta 13:30era bitartean, trikitilariek eta pandero jotzaileek kalejirak egingo dituzte taldetan banatuta herrian zehar. Gero, herriko plaza izango da festarako gunea, eta 13:30ean hasita, kalejira egingo dute plazara Julio Urkixo etorbidetik abiatuta. Ohiko moduan, plazara iristen direnean familia argazkia aterako dute.
Bazkalostean, berriz, erromeria egingo dute plazan bertan. Ohiko moduan, oholtza jarriko dute mikro irekiarekin, eta nahi duen orok izango du piezak jotzeko eta dantza egiteko aukera. 18:00etatik 22:00 inguru aldera arte aurreikusi dute erromeria.