Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzaren Treba programaren barruan, hitzaldi eta tailer bana egingo dituzte datorren astean Elkargunean. Hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren zein nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu Treba Gurasoak programak, eta 17-24 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei beren ahalduntze-prozesuan lagunduko dien prestakuntza-eskaintza da Treba Gazteak.
Hain justu, bi programa horien barruko saioak egingo dituzte datorren astean Azkoitian. Asteazkenean, 18:00etan, Treba Gurasoak programaren barruko Harreman osasuntsuak lagun artean izeneko hitzaldia eskainiko du Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta indarkeriarik gabeko komunikazio hezitzaileak. Saioak, batetik, seme-alaben lagunarteko gaiaren inguruan laguntzeko gurasoek beren intentziotik jartzen dutena lagungarria edo oztopagarria den jabetzea izango du helburu, eta bestetik, noiz eta nola esku-hartu komeni den argitzea. Nolanahi ere, seme-alaben gatazketan bidelagun izateko baliabideak ere eskainiko dituzte.
Zapatuan, 10:00etatik 13:00etara, Treba Gazteak programa barruko Bidaia bat antolatu izeneko tailerra eskainiko dute 17 eta 24 urte bitarteko gazteentzat. Bidaiatzeak atseden hartzeko, ezagutzeko, ikasteko eta baloratzeko aukera ematen duen heinean, ideia berrietara zabaltzeko abagunea ere eskaintzen du. Esperientzia polita eta aberasgarria izateko, ordea, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan. Hori hala, bidaia bat antolatzeko eta beste herrialdeetan zehar mugitzen ikasteko ikastaroa izango da larunbatean eskainiko dute. Saioan parte hartu ahal izateko, baina, izena eman beharko da aurrez; honako lotura honetako galdetegia bete beharko da.