Azkoitia BHI ikastetxeko DBH1eko ikasleek Zugarramurdiko sorginak? antzezlana taularatu dute gaur, osteguna, Baztartxon. 11:00etan hasita, 50 bat haur igo dira antzokiko oholtzara, Zugarramurdin sorgintzat hartutako emakumeen istorioak azaltzera eta antzeztera. Antzerkian 1610. urtean Zugarramurdiko sorginei gertatutakoa kontatu dute gaztetxoek, alegia, emakume haiek nola eta zergatik erre zituzten. Antzezlana kontakizunek lagunduta egin dute, baita dantzek eta abestiek lagunduta ere.
Azkoitia BHIkoak "hilabete batez buru belarri" aritu dira ikastetxean antzezlana prestatzen, eta, azkenean, gaur aurkeztu dute emaitza. Eskola barruko diziplinarteko proiektuaren emaitza izan da antzezlana; izan ere, Azkoitia BHIkoek hainbat arlo uztartu dituzte obra egiteko, hala nola euskara, plastika, gorputz hezkuntza eta musika. Euskarari lotuta, Zugarramurdiko sorginen historia landu dute ikasleek batetik, eta bestetik, gidoia idatzi; plastikan, antzezlanerako atrezzoa eta jantziak prestatu dituzte; gorputz hezkuntzan, berriz, antzezlanerako koreografia prestatu dute; eta azkenik, musikan, musika aukeratu eta ikasi.
Arratsaldean izango da antzezlanaren bigarren emanaldia, hura ere irekia eta doakoa. 15:15ean hasiko da arratsaldeko saioa, Baztartxon.