Imuntzo eta Beloki trikitilariek bihar, ostirala, eskainiko dute erromeria herriko plazan, 21:30ean hasita. Protagonista nagusiak bi trikitilariak izango badira ere, bikoteak Sahatsa dantza taldearekin, Maider Ansarekin, Iraia Bereziartuarekin eta Ein GO taldearekin batera eskainiko du kontzertua.
Emanaldia EITBk grabatuko du osorik, ETB1eko Oholtzan programan emateko. Hasiera batean, maiatzaren 9rako iragarri zuten erromeriaren grabazioa, baina eguraldi txarra tarteko, biharko egunera atzeratu behar izan zuten. Udalak azaldu duenez, bihar izango da azkenean, eta herriko plazan egingo dute.
Kontzertua doakoa da, eta beraz, plazara bertaratzen direnek dantzan egiteko aukera ere izango dute. Sahatsa taldeko dantzariek, besteak beste, fandangoa, arin-arina, San Antonio dantza eta kalejira dantzatuko dituzte.