Oteiza pilota elkarteko gomazko palistek eta eskuzko pilotariek gaur eta bihar artean jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetako itzulerako partidak. Aurreko astean bezala, oraingoan ere gomazko palistek izango dute hitzordua aurrena. Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki pilotalekuan arituko dira haiek, gaur, osteguna, 20:30ean hasita. Bihar, ostirala, izango dute hitzordua, bestalde, eskuzko pilotariek; 19:00etan jokatuko dute horiek Ataungo (Gipuzkoa) Auzoeta pilotalekuan.
Bi taldeek ondo egin zituzten etxeko lanak joan den astean Gurea frontoian jokatutako joanekoan. Gomazko palistek 2-1 menderatu zuten Zumarraga, eta esku pilotariek 3-0 irabazi zioten Atauni. Palistak banakako bi lehiatan nagusitu ziren: Iker Epeldek 20-5 irabazi zuen kantxa osoko buruz buruko lehia; Aitor Juaristik eta Igor Larrañagak 11-20 galdu zuten binakakoa; eta Jokin Aizpuruk 20-7 irabazi zuen zazpi koadroren barruan.
Eskuzkoek, berriz, errazago bideratu zuten kanporaketa. Nagusien mailako partidak sortu zuen ikusmina, gainerako bi partidak aise irabazi zituzten-eta Oteizakoek. Kadete mailan, 22 eta 4 irabazi zuten Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak. Gazte mailan, 22 eta 6 gailendu ziren Jon Arregi eta Imanol Bastida, eta nagusien lehian, 22 eta 21 nagusitu ziren Mikel Aranbarri eta Alex Juaristi.
Bi taldeek aukera handiak dituzte final laurdenetara sailkatzeko. Eskuzko taldeak aurrera egitea lortzen badu, Beasain-Astigarraga kanporaketako irabazlea izango du arerio. Beasainek 1-2 irabazi zuen joan den astean Astigarragan (Gipuzkoa), kadete mailan 22-3 galduta, eta gazteen eta nagusien mailan, hurrenez hurren, 0-22 eta 12-22 irabazita. Gomazko palistek gaur arratsaldean sailkapena ziurtatzen badute, ostera, Astigarraga izango dute aurkari final laurdenetako kanporaketan; izan ere, Astigarraga final laurdenetan sartuko da txapelketaren koadrora.