Trikiti doinuek lagunduta, agur beroa jaso du Izerrek

Andoni Elduaien 2025ko mai. 21a, 11:57

Soinu eta pandero jotzaile ugari elkartu zen atzo Izer agurtzeko. (Argazkiak: Ibon Errazu)

Trikiti munduaren berotasunean esan zioten agur atzo Izer trikitilariari parrokian. Hark horren maiteak zituen soinu eta pandero doinuek agurtu zuten etxekoek, ingurukoek eta lagunek. Jendetza elkartu zen hileta elizkizunean.

Atzo, asteartea, agurtu zuten Manuel Agirrezabalaga Izer trikitilaria Azkoitian. Herenegun, astelehena hil zen Izer, 74 urte zituela, eta atzo, trikiti munduak soinu eta pandero hotsekin agurtu zuen hura Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. Jendetza elkartu zen herriko parrokian trikitilariari agur esateko, eta elizkizunaren amaieran, etxeko, lagun zein ezagun ugarik Auntxa eta Iturbideren Ernioko aitzetan pieza eskaini zioten. Parrokia barruan, berriz, Iosu semeak abesti bat eskaini zion aitari aurrez.

Pandero jotzailea eta trikitilaria izan zen Izer gazte-gaztetatik, 8 urte besterik ez zituela hasi baitzen panderoa jotzen. Hark zaila zuen trikitilaria edo pandero jotzailea ez izatea; izan ere, garai batean igande arratsaldero erromeria izaten zen bere jaiotetxea zen Izer baserrian. 

18 urterekin eskaini zuen azkoitiarrak aurreneko erromeria lehen erromeria. Gerora, soinua jotzen ere ikasi zuen hark, eta biak txandaka joaz ibili zen zenbait urtez. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen omenaldia ere jaso zuen Azpeitian, 2012ko San Jose Trikiti Jaialdian. Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusian ere parte hartu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide