Etzi, zapatua, Xake Produkzioakek Postdatarik gabeko gutunak antzezlana eskainiko du Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Getari Etxegaraik zuzenduta, Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta aktoreak igoko dira antzokiko oholtzara, Errastik berak egindako lana aurkeztera. Bakardade edota bakarrizketa lagunduak existitzen ote diren galdetuko dute bi aktoreek antzezlanaren bidez; izan ere, horixe da obra: bakarrizketa lagundu bat.
Mikelek bost urte igaro ditu preso, eta ordubete geratuko zaio bizimodu berri bati ekiteko. Ordubete hori inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio; izan ere, azken hilabeteetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu, igorlea nor den esaten ez duen norbaiten partetik. Eskutitz guztiek ezaugarri bera dute: post-dataren lekua hutsik uzten du hark.
Charloten jantzia soinean daraman piano jotzaile mutu baten laguntzaz, bere bizitzaren errepaso bat egingo du Mikelek jasotako gutun guztiak gogoratuz, igorle misteriotsua nor den jakin arte. Erantzun bat bilatu nahian, ordea, makina bat hizketagai etorriko zaizkio burura, hala nola bakardadea, maitasuna, askatasuna, zaintza, eta agian, pisutsuena, autoestimuaren garrantzia.
Sarrerak, salgai
Antzezlana ikusteko sarrerak salgai daude Entradium atarian. Sarreren prezioak 7 eta 10 euro artekoa da, eta honako lotura honetan eskuratu daitezke online. Dena den, Gukak bazkideei zuzendutako zozketa du irekita. Azkoitiko Udalaren Kultura sailaren eskutik, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu komunikabide honek zozketan izena ematen duten bazkideen artean; honako lotura honetan parte har dezakete bazkideek.