Zapatuan, haurren mailako txirrindulari probak izango dira Azkoitian. Peña Elorza txirrindulari taldeak antolatuta, benjaminen, alebinen eta haurren mailako lasterketak jokatuko dituzte Trenbidearen Zumardian eta Juin kalean, 16:30ean hasita. Antton Oñederra zenaren omenezko seigarren proba izango da zapatukoa.
Benjamin mailako txirrindulariek bi itzuli emango dizkiote bi kilometroko zirkuituari, alebinek sei itzuli, eta azkenik, haurrek hamabi itzuli. Gipuzkoako hainbat taldetako txirrindulariek parte hartuko dute lasterketan, eta maila bakoitzean 30 bat txirrindularik parte hartzea espero dute.
Errepide gaineko proba gehientsuenek bezala, zapatuko txirrindularienak ere eragingo du trafikoan. San Martin auzora sartzeko edota handik irteteko Ertzain-etxe aurreko bidea erabili beharko dute ibilgailuek 16:30etik 17:30era bitartean, Nemesio Otaño kalea, hain zuzen. Era berean, txandakako zirkulazioa ahalbidetuko dute Beidazar kalearen bi norabideetan.