'Bienvenido a la montaña' filma emango dute asteburuan Baztartxon

Ane Olaizola 2025ko mai. 21a, 08:37

Igandean eta astelehenean eskainiko dute filma, larunbatean antzerki emanaldia izango delako aretoan.

Bienvenido a la montaña filma ikusteko aukera izango da datorren asteburuan Baztartxo aretoan. Bi egunetan emango dute film hori: igandean eta astelehenean, larunbatean Postdatarik gabeko gutunak antzezlana eskainiko baitute antzoki horretan.

Igandean, 19:30ean eskainiko dute filma, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan. Bestalde, umeei zuzendutako filmik ez da izango aste honetan ere, denboraldiko azkena duela bi aste eman baitzuten. Hori horrela, irailera bitartean Baztartxon ez dute haurrentzako filmik emango.

Riccardo Milanik zuzendutako filma da Bienvenido a la montaña, eta Michele da istorioaren protagonista nagusia. Erroman 40 urtez irakasten aritu ondoren, Michelek Abruzzo parke nazionalean kokatutako landa eskola txiki batean lan egiteko ametsa betetzea lortu du. Protagonista azkar egokituko da hango bizimodura, Agnese zuzendariordearen eta bere ikasleen laguntzarekin, baina lasaitasuna eten egingo da, ikasle faltak eraginda, ikasturtearen amaieran eskola itxiko dute jakiten dutenean. Orduan, Michele erlojupeko lasterketan murgilduko da ikastetxea salbatzeko. Burokraziaren eta interes ezaren aurka borrokan, batasunaren botereak eta bizitzaz eta ikaskuntzaz betetako leku bat zaintzeak duen garrantziaz jabetuko da. 

Hona hemen filmaren aurrerapen bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide