Laugarrenez Trikiti Eguna ospatuko dute larunbatean Azkoitian, Trikigiro elkarteak udalarekin eta Um Blem Ble tabernarien elkartearekin antolatuta. Trikiti eta pandero hotsek hartuko dituzte, beraz, beste urte batez herriko kaleak, eta otordurako tartea ere hartuko dute parte hartzaileek zein herritarrek. Hain zuzen, bazkarira joan nahi duenak gaur izango du txartelak erosteko azken eguna; Zurt, Latz eta Dean tabernetan daude salgai.
15:00etan egingo dute bazkaria, plazan, eta bi menu prestatuko dituzte: 14 urtetik beherakoentzat (15 euro) bata, eta adin horretatik gorakoentzat (25 euro), bestea. Umeen menuan, iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrilan erretako hanburgesak patatekin, izozkia, ogia eta edariak eskainiko dituzte. Aldiz, helduenean emango dituzte iberikoak, entsalada nahasia, parrilan erretako baserriko oilaskoa nahiz txerri saiheskiak, limoizko sorbetea cavarekin, izozkiak, ogia eta edariak.
Egun osoko egitaraua
Zapatuan, 11:30ean emango diote hasiera Trikiti Egunari. Ordutik 13:30era bitartean, trikitilariek eta pandero jotzaileek kalejirak egingo dituzte taldetan banatuta herrian zehar. Gero, baina, herriko plaza izango da festarako gunea, eta 13:30ean hasita, kalejira egingo dute plazara Julio Urkixo etorbidetik abiatuta. Plazara ailegatutakoan, gainera, argazki erraldoia aterako dute.
Bazkalostean, berriz, erromeria egingo dute plazan bertan. Ohiko moduan, oholtza jarriko dute mikro irekiarekin, eta nahi duen orok izango du piezak jotzeko eta dantza egiteko aukera. 18:00etatik 22:00 inguru aldera arte aurreikusi dute erromeria.