EAJren igandeko ekitaldi politikoan izango dira Aitor Esteban eta Maria Eugenia Arrizabalaga

Andoni Elduaien 2025ko mai. 23a, 08:00

Aitor Esteban EBBko presidentea. (EAJ)

12:00etan, ikurrina altxatuko dute batzokian, eta 12:30ean, ekitaldi politikoa egingo dute Ikurriñaren plazan GBBko eta EBBko presidenteek.

Azkoitiko EAJk datorren igandean, maiatzak 25, borobilduko du batzokiaren inaugurazioaren harira antolatutako egitaraua. Alderdia gara. Katea ez da eten lelopean antolatu ditu EAJk batzokiaren inaugurazioaren bueltako ekintzak. Igandean, eguerdiarekin batera, ikurrina igoko dute aurrena batzokian. Aurreskua ere egingo dute azken urteetan "alderdia ordezkatu eta herriaren alde lan" egin duten belaunaldi ezberdinen omenez.

12:30ean, berriz, ekitaldia egingo dute, Ikurriñaren plazan, 1907an herrian batzokia sortu eta kokatu zuten plaza berean, alegia. Hain justu, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidenteak eta Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak parte hartuko dute ekitaldi politiko horretan. Bi kideak Azkoitiko Uri Buru Batzarreko Asier Aranbarrirekin batera arituko dira solasean.

Arrizabalaga zumaiarra da, eta Zuzenbidean lizentziatua da. Hain zuzen, zinegotzia eta alkate izan zen Zumaian. 2009 beste urrats bat egin zuen, eta 2015era bitartean, EAJren legebiltzarkidea eta GBBko kide izan zen. 2016an, berriz, EBBko kide izendatu zuten hura. GBBko presidente hautatu aurretik, legebiltzarkide lanetan aritu zen berriro, 2020tik 2024ra. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, EAJren bozeramailea izan da 2015etik.

Esteban, bestalde, bilbotarra da. 16 urterekin murgildu zen EAJn, orduan egin baitzen alderdikide. Bizkaiko Foru Aldundian hasi zuen hark alderdi jeltzaleko ibilbidea, Presidentetzako Idazkari Nagusi eta bozeramaile bezala. Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izan zen gero, eta 2004az geroztik, Espainiako Kongresuko diputatu bezala aritu da, azken 21 urteak, hain justu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide