Manuel Arrizabalaga Izer hil da gaur, astelehena, 74 urte zituela. Pandero jotzailea eta trikitilaria izan da Izer gazte-gaztetatik, 8 urte besterik ez zituela hasi zen-eta panderoa jotzen. Hark zaila zuen trikitilaria edo pandero jotzailea ez izatea; izan ere, garai batean igande arratsaldero erromeria izaten zen bere jaiotetxea zen Izer baserrian. Erromeria haietako trikitilarietako bat bere aita izan ohi zen, eta pandero jotzaileak, bere osabak. Hasi eta hamar urtera eskaini zuen lehen erromeria, 18 urterekin, hain zuzen.
Etxean, aitarekin batera hasi zen panderoa jotzen, baina Izer zenak esana zen, Luis Alberdi Zabale pandero jotzaile azkoitiarra ikusita hasi zela bera ere horretan. Harrezkero, trikitiari lotuta ibili da han eta hemen. Gainera, soinua jotzen ere ikasi zuen, eta biak txandaka joaz ibili zen zenbait urtez. Pandero jotzaileen artean Egañazpi eta Landakanda zituen hark eredu, eta inguruko askok bezala, Urrategi eta Martirieta auzoetan egin ohi ziren erromerietan ibili zen. Beste trikitilari batzuen artean, Auntxa zena eta Tomas Zendoia soinu jotzaileekin batera ibili zen Izer.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen omenaldia ere jaso zuen Izerrek, Zabale eta Juan Ezenarro Berastegi pandero jotzaileekin batera, 2012. urtean, Azpeitian egindako San Jose trikiti jaialdian. Urte hartako jaialdian pandero jotzaileak hartu nahi izan zituen gogoan trikiti elkarteak. Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusian ere parte hartu zuen Izerrek.
Bihar, asteartea, izango da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Andre Mariaren Jasokundearen parrokian.