Azkoitia BHI ikastetxeko DBH1eko ikasleek Zugarramurdiko sorginak? antzezlana eskainiko dute etzi, osteguna, Baztartxo antzokian. Birritan eskainiko dute egun horretan antzezlana: 11:00etan arituko dira goizez, eta arratsaldez, 15:15ean. Bi emanaldiak herritarrentzat irekiak izango dira, eta azaldu dute, "gonbidapen ugari" bidali dituztela, besteak beste, alkatetzara, Kultura sailera, San Jose adinekoen egoitzara, Gazteria sailera eta parte hartzaileen familiei.
DBHko lehen mailako ikasleak eskola barruan lantzen ari diren diziplinarteko proiektuaren emaitza da Zugarramurdiko sorginak? antzezlana; izan ere, Azkoitia BHIkoek hainbat arlo uztartu dituzte obra egiteko, hala nola euskara, plastika, gorputz hezkuntza eta musika. Euskarari lotuta, Zugarramurdiko sorginen historia landu dute ikasleek batetik, eta bestetik, gidoia idatzi; plastikan, atrezzoa eta jantziak prestatu dituzte; gorputz hezkuntzan, berriz, antzezlanerako koreografia prestatu dute; eta azkenik, musikan, antzezlanerako musika aukeratu eta ikasi dute.
Azkoitia BHIkoek jakinarazi dutenez "hilabete batez buru belarri" aritu dira ikastetxean antzezlana prestatzen. "Antzerkian 1610. urtean Zugarramurdiko sorginei gertatutakoa kontatzen da: zergatik eta nola erre zituzten", azaldu dute ikastetxekoek. Bi emanaldi eskainiko dituzte, eta bakoitzean 50 lagun inguruk parte hartuko dute: aktore lanetan arituko direnak eta atrezzo, musika, argi zein grabazio arduradunak.