Herri barruko mugikortasun joerak aztertzen aritu dira ikasleak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 19a, 11:39

Ikasleak, Elkargunean. (Argazkiak: udala)

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan mugikortasun jasangarria ari dira lantzen herriko eskoletan. Ikasleek etxetik eskolarako bidea nola egiten duten jaso dute Lehen Hezkuntzakoek, eta bidegorriak ikertu dituzte Bigarren Hezkuntzakoek.

Herriko eskoletako ikasleak Mugikortasun Jasangarria ari dira lantzen Eskolako Agenda 2030 programaren barruan. Azkoitiko ikastetxeetako irakasle koordinatzaileek urrian izan zuten aurreneko hartu emana landuko duten helburu berriarekin: GJH 11, Hiri eta Komunitate Jasangarriak. Orduz geroztik hamaika lan egin dituzte eskoletan gai horren bueltan, eta oraingoan, etxetik eskolarako bidea nola egiten duten jaso dute Lehen Hezkuntzako ikasleek, eta bidegorriak ikertu dituzte Bigarren Hezkuntzakoek.

Dena den, kaleen eta espaloien egoera ikuskatzen ere ibili dira azken egunotan ikasleak, baita mugikortasun arazoak dituzten herritarrek herrian zehar zein mugarekin topo egin dezaketen aztertzen ere. Desgaitasunen bat duten azkoitiarrek egunerokoan kaleetan topa ditzaketen trabak ezagutzeko, begiak estalita, makuluekin edota gurpildun aulkitxoez lagunduta ibili dira ikasleak.

Bidegorriak ikertu dituzte, bestalde, Bigarren Hezkuntzakoek. Lanketa horren barruan, gainera, bidegorrietan zehar ibili ohi diren zenbait txirrindulariekin hitz egin dute, haiek bide horiei buruz duten iritzia jasotzeko. Herrian zehar mugitzeko ohiturez ere galdetu dute, hala nola garraio motaz, horien eskaintzaz eta autoak partekatzeko dauden joerez.

Lanketa hori egin eta gero, ondorioak atera, hobekuntzarako proposamenak egin eta konpromisoak hartu dituzte ikasleek. Emaitza horien guztien berri udalari emateko, lau ikastetxeetako ordezkariak Elkargunean bildu ziren joan den ostegunean. Udal Foroa, berriz, hilaren 29an izango da.

Programan parte hartu duten eskoletako ikasleak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide