Azkoitiko pilotazaleek hitzordua izan zuten atzo arratsaldean Gurea frontoian. Izan ere, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final zortzirenetako joanekoak jokatu zituzten Azkoitiko pilotariek, Ataunen kontra. Oteizako pilotariek bideratuta utzi dute kanporaketa; 3 eta 0 nagusitu ziren.
19:30ean hasi ziren norgehiagokak. Lehena, kadeteen mailakoa, aise irabazi zuten azkoitiarrek, horiek 22 eta 4 hartu baitzituzten mendean pilotari ataundarrak. Bigarren neurketa, jubenilena, ere erraz irabazi zuten etxekoek: 22 eta 6. Hirugarren lehia –nagusiena– oso estua izan zen, baina Azkoitiarentzat izan zen garaipena: 22 eta 21.
Itzulerako partidak datorren asteburuan jokatuko dituzte –eguna eta ordua zehazteke daude oraindik– Ataunen. Kanporaketan nagusitzen den herriak final laurdenetarako txartela eskuratuko du, eta Astigarragaren edo Beasainen aurka ariko da fase horretan.