Goizean umeak nola, arratsaldean gazteak eta helduak hala. Eguraldia lagun, 16:00etan puntu-puntuan ekin diote arratsaldeko duatloi probei. Federatuta dauden kadete mailako kirolarien proba izan da aurrena, eta haren atzetik, minutu banaren aldearekin hasi dituzte duatloi egokitua eta duatloi herrikoia.
Orotara, 70 bat kirolarik parte hartu dute Trenbidearen Zumardian egin dituzten super sprint distantziako duatloietan: aurrena korrika egin dituzte bi kilometro, gero bizikletan 8,5 kilometro, eta bukatzeko, kilometro bat korrika. Aurten, gainera, probak erreleboka edo binaka egiteko aukera eskaini du Azkoitri triatloi klubak, eta modalitate horietan ere aritu dira hainbat lagun.
Hain zuzen ere, duatloi herrikoian, gizonetan aurrena bikote bat izan da: Mikel Arsuaga eta Aitor Landa izan dira nagusi, helmugara 22 minututan eta 30 segundotan iritsita. Gizonetan bigarren Jakes Zubizarretak egin du (22:51) eta hirugarren Ander Bigurik (22:54). Emakumeetan, berriz, Naia Ortiz de Pinedo nagusitu da (26:22), eta denbora berbera eginda, bigarren izan da Naiara Saez de Jauregi. Haien atzetik hirugarrena helmugaratu da Andrea Camares (28:06).
Federatutako kadeteen mailan hiru lagunek parte hartu dute, eta Unai Zorriqueta (25:15) eta Daniella Sanchez (28:01) izan dira garaileak. Bigarren egin du emakumeetan Maitane Olivenzak (29:43). Bestalde, duatloi egokitua Josune Odriozolak (28:53) eta Adrian Nogalesek (29:13) irabazi dute. Bigarren, berriz, Anuk Astigarraga (29:13) eta Aitor Oleaga (29:17) izan dira, eta gzionetan hirugarren sailkatu da Eduardo Murgia (30:42).
Azkoitriko kideek esan dutenez, aurtengoan proba egiteko behar-beharrezkoak diren boluntarioak bilatzeko zailtasunak izan dituzte. Haiek jakinarazi dutenez, bezperetan oraindik ere dozenatik gora lagun behar zituzten proban laguntzeko. Pena agertu dute egoeragatik, nahiz eta badakiten halako proba txikiak antolatzeko zailtasunak izatea ohikoa dela.
Arratsaldean jarraituko dute ekitaldiek. Zehazki, hiru duatloi jokatuko dituzte, 16:00etan hasita. Federatuta dauden kadete mailako gazteen duatloia izango da aurrena, eta 16:10ean, berriz, duatloi egokitua hasiko da. Haren segidan egingo dute duatloi orokorra. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 60-70 pertsonak parte hartuko dute arratsaldeko probetan.