Duatloia ari da izaten gaur Azkoitian protagonista. Izan ere, Azkoitri triatloi taldeak antolatuta, duatloi festa inklusiboa egiten ari dira 10:00ak jo dituenetik. Umeen txanda izan da goizean; LHko 3. mailatik LHko 6. mailara arteko ehunka gaztetxok korrika eta bizikletan kilometro batzuk egin dituzte, mailaz maila, eta parte hartzaile guztiek dominak eta goxokiak jaso dituzte.
Arratsaldean jarraituko dute ekitaldiek. Zehazki, hiru duatloi jokatuko dituzte, 16:00etan hasita. Federatuta dauden kadete mailako gazteen duatloia izango da aurrena, eta 16:10ean, berriz, duatloi egokitua hasiko da. Haren segidan egingo dute duatloi orokorra. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 60-70 pertsonak parte hartuko dute arratsaldeko probetan.
Aurten, lehen aldiz, proba guztiak Trenbidearen Zumardian egingo dituzte. Hori dela eta, hainbat aldaketa izango dira arratsaldean ere aparkalekuetan nahiz trafikoan. Trenbidearen Zumardia kalean, esaterako, ezingo da aparkatu 18:00etara arte. Bestalde, San Martin auzora Ertzain-etxeko bidetik joan beharko dute ibilgailuek, Nemesio Otaño kaletik, hain zuzen. Gainera, Beidazar kalean txandakako zirkulazioa izango da bi norabideetan.
Autobusei dagokienez, Donostiatik 15:05ean irteten den UK01 zerbitzuak Txerloian eta Altzibarko biribilgunean egingo ditu geldialdiak. Julio Urkixoko, San Martingo eta Altzibarko geralekua bertan behera utzi dituzte ordu horretako autobusarentzat.