B Serieko buruz buruko txapelketako bi finalerdiak jokatu zituzten atzo Gurea pilotalekuan, eta beraz, Azkoitian erabaki da aurtengo bigarren mailako finala zeinek jokatuko duten. Hain zuzen ere, Bakaikoak eta Agirrek neurtuko dituzte indarrak finalean, txapelaren bila. Datorren zapatuan izango da finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Atzoko lehen neurketa Bakaikoak eta Zubizarreta III.ak jokatu zuten, eta Bakaikoa nagusitu zen, 22 eta 10. Bigarren finalerdian, berriz, Agirre eta Aldabe aritu ziren nor baino nor, eta Agirrek lortu zuen finalerako txartela: 22 eta 4 irabazi zuen neurketa.
Jaialdiari bukaera binakako partida batek eman zion: Expositok eta Gabirondok 22 eta 7 hartu zituzten mendean Alberdi II.a eta Ugartemendia.