Gomazko palistek bide onetik ekin diote Herriartekoari

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 16a, 12:42

Final zortzirenetako joanekoan, hiru partidatatik bi irabazi dituzte Oteiza pilota elkarteko palistek Zumarragakoen kontra. Datorren astean erabakiko da kanporaketa, Zumarragan.  

Azoitiko gomazko palistek atzo ekin zioten aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari. Final zortzirenetako joaneko partidak etxean, Gurea pilotalekuan, jokatu zituzten Zumarragaren kontra, eta kanporaketa datorren astean erabakiko den arren, esan liteke ondo bideratuta utzi dutela azkoitiarrek. Izan ere, hiru partidatatik bi irabazi zituzten atzokoan. 

Iker Epeldek 20-5 irabazi zuen banakako lehia; Aitor Juaristik eta Igor Larrañagak 11-20 galdu zuten binakakoa; eta Jokin Aizpuruk 20-7 irabazi zuen zazpi koadroren barruan jokatutako buruz burukoa. 

Azkoitiak final laurdenetara sailkatzea lortzen badu, Astigarraga izango du aurkari. Finalerako bidean, Azkoitia dagoen adar berean daude, Zumarraga eta Astigarragaz gain, Lasarte-Oria, Hernani eta Aia. Gomazko paletako finala ekainaren 29an, igandez, jokatuko dute, oraindik erabaki gabe duten pilotalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide