Urola Erdiko industrian 300dik gora kontratazio egiteko asmoa dute bost urteren barruan

Nerea Uranga 2025ko mai. 15a, 16:00

Langile bat. (Pixabay)

Iraurgi Berritzenek Urola Erdiko Industria Enpleguaren Etorkizuna azterketa egin du, bailarako 35 enpresatako ordezkariak elkarrizketatuta. Era horretan, tokiko lan merkatua eta 2030. urtera arteko aurreikuspen estrategikoak aztertu dituzte, tokiko garapen soziekonomikoa bultzatzeko helburuarekin.

Urola Erdiko industria sektorearen joerak, giltzarriak eta enpresen premia nagusiak identifikatzeko 2025-2030 arteko Industria Enpleguaren Etorkizuna azterketa egin du Iraurgi Berritzen garapen agentziak, tokiko garapen sozioekonomikoa bultzatzeko helburuarekin. Lan hori egin ahal izateko, Urola Erdiko 35 enpresa elkarrizketatu ditu Iraurgi Berritzenek, tokiko lan merkatuaren egungo egoera ezagutzeko eta 2030era arteko aurreikuspen estrategikoak aztertzeko. Proiektu hori egin ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa jaso du.

Egin duten azterketan identikatutako "lorpen nagusiak" honakoak izan dira: "Urola Erdiko lan merkatuaren erronka nagusiak atzematea; kontratazio beharrak eta eskatzen dituzten profil profesionalak aurreikustea; talentua erakartzeko eta fidelizatzeko estrategia berriak proposatzea; nahiz prestakuntza eta enpleguaren arteko lotura estutzea".

Azterketan ateratako ondorio nagusiak ere azaldu ditu Iraurgi Berritzenek, eta besteak beste, Urola Erdiko enpresek 365 langile berri kontratatzea aurreikusten dute datozen bost urteen barruan; gainera, horietatik %65 2027a baino lehen.

Hazkunde handiena izango duten sektoreak, berriz, honakoak izango direla atera dute ondorio: makineria eta ekipoak, eta metal mekanikoa; segidan, berriz, altzarigintza eta elikadura.

Eskaera profilak

Langileak kontratatzeko orduan Urola Erdiko enpresek gehien eskatzen dituzten profilak ere zehaztu dituzte azterketan, eta segidako hauek dira: mekanizazioko eta mantentze lanetako teknikariak; produkzioko eta soldadurako langile espezializatuak; industria, mekanika eta elektrizitateko ingeniariak; automatizazio, kalitate eta logistikako teknikariak; informatikariak eta programatzaileak; administrazio eta merkataritza arloko langileak. Iraurgi Berritzenen azterketaren arabera, profil kualifikatuen eskasiagatik enpresen kontratatze zailtasunaren batez besteko maila 10etik 8koa da.

Kontrataziorako orduan enpresek baloratzen dituzten gaitasun teknikoak (hard skills), berriz, honakoak dira: programazioa, datuen analisia, proiektuen kudeaketa, CNC makineriaren ezagutza eta mantentze mekaniko-elektrikoa. Zeharkako gaitasun nagusiak (soft skills), berriz, honako hauek: talde lana, arazoak konpontzeko gaitasuna, egokitzeko eta etengabe ikasteko gaitasuna, enpatia eta erabakiak hartzea eta bezero orientazioa.

Urola Erdiko industria enpresek dituzten erronka estrategiko nagusiak "eraldaketa digitala eta talentuaren kudeaketa" dira, Iraurgi Berritzenek egindako azterketaren arabera.

Langileen kontratazio bideetan Urolanprest eta prestakuntza zentroetako lan poltsak dira enpresek "gehien" estimatzen dituztenak.

Iraurgi Berritzenen arabera, Urola Erdiko industriako enpresekin osatu duten azterlanak "oinarri sendoa" eskaintzen du bailarako enplegu politikak bideratzeko, lankidetza publiko pribatua indartzeko eta Urola Erdiko enpresa sarea etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzen laguntzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide